«Apechote», nafarrek Taghian zabaldutako bidea
Tamrazineko hormatzarraren mendebaldeko aurpegian sortutako marra berriaren egileak Iñigo Anton, Jonan Leon, Beñat Primo, AlbaSanmiguel eta Alberto Urtasun dira. 250 metro luze da eta, gehienez, 7a+ zailtasuna du. Kalitatezko plakak dira nagusi.
Eskaladako zein alpinismoko sorkuntzetan, Alberto Urtasun ipurterre bat da. Han eta hemen makina bat bide zabaldu ditu, eta, beste behin, lerrook nafarraren proposamen berria jasoko dute. Argi eta garbi dago Marokoko Taghiako hormek liluratuta daukatela. Hainbat bisita egin dizkio, eta dagoeneko hiru marra sortu ditu. Azkena, iragan irailean izan zen. Tamrazine izeneko hormatzarraren mendebal aurpegiari “Apechote” (7a+, 250 m) gehitu dio.
Baina, izaera horretako beste jarduerekin alderatuta, azken honek beste eite bat izan du. Eskarmentu handia duen eskalatzaile honek lau gazte (den-denak 20 urte inguruko nafarrak) izan ditu ondoan. Irakasle modura jardun du eta, antza denez, ikasleek nota ederra atera dute. Hauek izan dira Urtasunen sokakideak: Jonan Leon, Beñat Primo, Iñigo Anton eta Alba Sanmiguel.
Bada, Urtasunek berak aitortu digunez, oso gustura geratu da egindako lanarekin: «‘Apechote’ zabaltzeko bi egun behar izan genituen. Kalitate handiko plakak bilatu eta haietan marra bat zabaldu dugu, eta, nola ez, Taghiak eskaintzen duen kare-harri ikusgarrian. Nirekin joandako gazte hauek onartu didate Taghiako lan horretan esperientzia ederra baino ederragoa bizi izan dutela»
Protagonistok jardun duten paretari dagokionez, taldeburuak ondorengo hau erantsi nahi izan du: «Ireki dugun bide berri hau Tamrazine-Igrit izeneko zirkuan dago. Makina bat horma daude baina, Taghiako beste batzuekin alderatuta, oso bisita gutxi dituzte. Onartu behar dut ez direla hain ikusgarriak, baina marrak sortzeko aukera handiak eskaintzen dituzte. Han ere, Taghiako hormatzar guztietan bezala, arrokaren kalitatea bikaina da. Alderdi honek zeozer berezia du: inguruaren magnetismoa, arrokak ematen duen energia, hormen handitasuna...».
Plakak nagusi
Oinez ordu eta laurdeneko ibilbidea egin eta gero, boskotea “Apechote” bideari forma ematen hasi zen. Hasteko eta behin, III/IV graduko zokalo bat gainditu behar izan zuten: «Tarte hori igo ostean, oso erakargarriak diren plaken bila joan ginen. Eta, guztira, kalitate handiko sei luze zabaldu genituen. Goialdean, jarraitutasuna kentzen dioten bi bira daude. Baina, onartu behar dut, gazte hauek eta nik zabaldu ditugun luzeak oso onak direla. Zailtasunean ez dira oso gogorrak (6c/7a), eta estutzea gehien eskatzen duena 7a+ gradukoa da. Pena txiki bat badugu. Marraren sarreran aurkitu genuen plaka leun batek A1-eko bi pauso egitera behartu gintuen».
“Apechote”-ren hornidurari dagokionez, Urtasunek esan du mistoa dela: «Bilguneak eta plakak paraboltekin ekipatuta daude. Beste tarte batzuetan, berriz, fisureroak eta friend-ak behar dira. Bidea eskalatzeko 11 zinta eta fisurero zein totem joko bana behar dira. Marra osoa rapelatu daiteke: 6 rapel».
Era horretara, Urtasunek Taghiako hormetan bere hirugarren sorkuntza biribildu du. Kasu honetan irakasle modura jardun du, eta, esan dugun bezala, haren ikasleek nota bikaina atera dute.