OCT. 10 2017 HATORTXU ROCK «Zuek gabe, etenik ez», abenduaren 16rako aldarria Atarrabian Hatortxu Rock 20 arrakastatsuaren oinordekoak badu kokagunea –Atarrabia–, eguna –abenduaren 16a– eta kartela, Gatillazo, Glaukoma eta Soziedad Alkoholika taldeak buru dituela. 21garren edizio hau aurrekoaren arrastoak oraindik nabarmenak direnean dator, bost hilabete eskasera, mezu argiarekin etorri ere: «Zuek gabe, etenik ez». M. J. ATARRABIA Uztail amaierako lau egun eta hiru gau luze haietan, Lakuntzan, Beriainen gerizpean, oinetakoetan bildutako hautsa oraindik erabat garbitzerik izan ez denean eta agertokira igotako dozenaka musikarien doinuak nekez itzali direnean, 21. edizioarekin dator Hatortxu Rock: Atarrabian egingo dute –azken urteetan ohiko gune bilakatu duten herrira bueltan–, abenduaren 16an –arratsaldeko lauretan zabalduko dituzte ateak–, eta “Zuek gabe, etenik ez” lelo irmoa haizatuko du. «Ez dira hiru hilabete igaro Hatortxu Rock 20 erraldoia egin genuenetik, eta hemen gaude berriz ere. Oraindik 315 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan eta horregatik ez dugu atseden hartzeko betarik, ez behintzat denak etxean izan arte», azaldu zuen atzo, prentsa adierazpenean, elkartasun jaialdiak. Egun bakarreko formula klasikora itzuliko da Hatortxu Rock 21, eta dozena bat talderekin osatu du kartela: Gatillazo, Glaukoma, Los Zopilotes Txirriaos, Rude Pride, Soziedad Alkoholika, Huntza, Skakeitan, Willis Drummond, Las Tea Party / Woman Powah, Xavi Sarria, Anita Parker eta Desakato. Zehazki, kartelaren osaketaren eta zenbait xehetasunen gaineko informazioa eman zuten atzo antolatzaileek, 21. edizioaren etorreraren berri asteburuan eman baitzuten bideo bat baliatuta. «Ez dira hiru hilabete igaro Hatortxu Rock 20 bizi izan genuenetik. Nekatuta gaudela pentsa liteke. Inondik inora. Indartsu, oso indartsu atera ginen Euskal Herriak sekula bizi izan duen elkartasun jaialdi handienetik», jakinarazi zuten. Ildo horretan, «mezu argia»&flexSpace;helarazi nahi izan zuten: «Lanean jarraitu beharra daukagu; oraindik bidea egiteke dago». Aurren-aurrena, presoen urruntzea eta sakabanatzea bertan behera gera daitezen. Hatortxu Rocken esanetan, errepresaliatuak Euskal Herritik ehunka kilometrora urrunduta edukitzeak presoarentzat, etxekoentzat eta lagunentzat dakartzan ondorioak larriak baitira: gastu ekonomiko izugarria, esaterako, edota bisitarako errepidean ordu luzeak egin beharra, horrek eragiten duen arriskuarekin. «Errepideak zortzi istripu eragin ditu aurten bisitetatik joan-etorrian», gogorarazi zuen prentsa oharrean. Horregatik uste du Hatortxuk ezinbestekoak direla elkartasun ekonomikoa, batetik, eta presoek eta beren hurbilekoek pairatzen duten egoera salatzea, bestetik. Azken helburua? «Denak etxean izatea. Zuek gabe, etenik ez». Eta «bide horretan lanean jarraitzera» dei egin zuen berriz, «315 asko direlako, gehiegi; bat bera ere gehiegi da». KARTELAGatillazo, Glaukoma, SA, Rude Pride, Los Zopilotes Txirriaos, Skakeitan, Willis Drummond, Desakato, Xavi Sarria, Las Tea Party / Woman Powah, Anita Parker eta Huntza. Sarrerak salgai daude jada, ohiko tokietan eta www.hatortxurock.eus orrian: 18 euro aldez aurretik, 23 leihatilan. SARIA?Hatortxu Rock-ek berri ona jaso zuen atzo: Fest Sarietarako izendapena jaso du bi ataletan, Formatu Ertaineko Jaialdirik Onenarena eta Jaialdirik Jasangarrienarena. Bozketa irekia da eta hilaren amaieran jakinaraziko dituzte sarituak.