GARA Euskal Herriko egunkaria
BINAKAKOA

Zazpi bikote lehiatuko dira Basaurin Bizkaiko txapela lortzeko asmoarekin


Urteroko moduan aurten ere herri-kirol jaialdia izango da Basauriko San Fausto plazan. Gaur 12.00etatik aurrera jokatuko da Bizkaiko Binakako aizkolarien finala, eta baita Euskal Herriko taldekako harri-zulatzaileen finala ere.

Atutxa eta Larrea, Lopez eta Muñiz, Naredo eta Txikon, Oregi eta Lekue, Intxausti eta Garcia, Bihurri aita-semeak eta Zelai aita-semeak izango dira lanean arituko diren bikoteak.

Esan beharrik ere ez dago faboritoak zeintzuk diren, izan ere, Atutxa eta Larrea baitira txapela lortzeko hautagai nagusiak. Aitzolek igandeko Euskal Herriko finalari begira jokatuko du saio hau, baina une honetan Bizkaian bera eta gainerakoen artean sekulako aldea dago. Binaka, gainera eroso arituko da, eta ikaragarrizko ezustea izango litzateke txapelik gabe geratzea.

Final honetan, Bizkaiko Federazioan lizentzia duten hiru asturiar ere izango dira. Horietako bik, Lopezek eta Muñizek, bikotea osatuko dute, eta besteak, Naredok, Txikonekin aritu beharko du.

Harri-zulatzea

Euskal Herriko taldekako harri-zulatzaileen finala ere Basaurin bertan jokatuko da, eta bertan izango dira zazpi talde, txapela lortzeko asmoarekin. Aldai Alde, Burdin Gazteak, Errekatxo Gallartza, Kabiezes, KZ Kolpeka eta Piratak izango dira finalean parte hartuko duten taldeak.

Ligako sailkapena kontuan hartuta, hura baita erreferentzia nagusia, Burdin Gazteak eta Aldai Alde izan daitezke faboritoak, baina segur aski final honek Ligarekin zerikusi oso gutxi izango du. Azken batean hura erregulartasuneko saio bat zen, eta hau egun bakar batekoa. Nahiz eta aipaturiko bi taldeak agertu faborito bezala, besteak ere kontuan hartu beharko dira, honelako saioek ezusterako tartea izaten baitute. Talde batzuentzat, gainera, hau izango da denboraldian zerbait lortzeko azkeneko aukera, eta saiatuko dira.