Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Duden konfiantza

Atsekabea, dudak eta ezjakintasuna. Hasiera batean horiek sentitu nituen asteartean Carles Puigdemonten deklarazioa ikusitakoan. Urte askoan luzatzen ari den prozesu bat, askotan helmuga bat izateko esperantza ere galdu duguna, bazirudien amaierara heltzear zela. Eta hala bizi izan genuen asteartea. Telebista, telefono mugikor eta ordenagailuei itsatsita. Zer esanik ez, plenoa ordubete atzeratuko zela jakitean. Atzerapen horrek ederki irudikatzen zuen urte luzeetan bizitakoa. Aukera galduaren sentipena nagusitu zitzaidan lehen minutu horietan.

Hala ere, minutu gutxiren bueltan hausnarketa sakonagoa zen. Bartzelonatik iristen zitzaizkidan mezuak ez ziren baikorrak, baina nire irakurketan egun hartatik harago joateko beharra ikusi nuen. Beste behin entzun nuen Puigdemonten deklarazioa eta beste hitz batzuk ikusi nituen: Europara begirako hitzak, errelatoaren eta irudiaren guda horren garaipenaren bidean azken ziztada emateko hitzak. Independentzia herritarrek bultzatu dute Katalunian, ez dago dudarik, baina nazioartearen babesa beharrezkoa dela denok dugu argi.

CUPen erantzuna ere paregabea iruditu zitzaidan. Hau ez da beraiek nahi zuten urriaren 10a, baina nazio eraikuntzan pazientzia eta, batzuetan, malgutasuna erakutsi behar dela inork baino hobeto adierazten ari dira.

Beraz, hasierako atsekabe, duda eta ezjakintasun horretatik duda eta ezjakintasunarekin geratu naiz. Hala ere, azken hilabeteetan Kataluniako Gobernua maisuki aritu da sukalde lanean eta konfiantzari eusteko arrazoi ugari ere utzi dizkigu bide honetan. Azken mugimendurik?