OCT. 14 2017 Aizkora Seien artean erabakiko da Euskal Herriko txapela Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi, Iker Vicente, Joseba Otaegieta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira bihar, 18.00etan, Donostiako Gaskan. Jon LEUNDA Iristear dago herri kirol munduak urtean zehar izaten duen zitarik garrantzitsuena: bihar jokatuko da 18.00etatik aurrera Donostiako Gaska kiroldegian Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolarien finala. Norgehiagoka zuzenean ikusi ahal izango da ETB 4 telebista katean. Aitzol Atutxa da egungo txapelduna, baita txapela lortzeko faborito nagusia ere. Bizkaitarrak bosgarren amaitu zuen kanporaketa, baina berak garbi utzi du horrek ez diola kezkarik sortzen, eta gainerako finalistek ere bera jotzen dute irabazteko faboritotzat. Iker Vicentek irabazi zuen kanporaketa, denbora bikaina eginez. Hala ere, zaleen ustez zaila izango omen du txapela irabaztea, batez ere finalean kanporaketako lan bikoitza egin behar duelako. Oraindik oso gaztea da Otsagabikoa, finaleko gazteena, eta bere bigarren finala izango du. Mikel Larrañaga da, askoren ustez, Atutxak izan dezakeen aurkaririk zuzenena, baina azpeitiarrak garbi esaten du bizkaitarra besteak baino koska bat gorago dagoela. Berak ez dio presiorik sartu nahi bere buruari eta ahalik eta lanik onena eginez, ahalik eta posturik onena lortu nahi du. Iñaki Azurmendi izango da finaleko zaharrena. Arriarangoak badaki zer den txapelak lortzea, baina final honetara urtebete kanpoan pasatu ostean itzuliko da, iaz ez baitzen sailkatu. Gipuzkoarra oso kontuan hartzen jarraitu beharreko aizkolaria da. Ugaitz Mugertzak ere lan ona egin izan du finaletan, eta kanporaketan ere horrelaxe egin zuen. Ez da faboritoen zerrendan agertzen, baina berea emango du, Joseba Otaegik emango duen bezalaxe. Zizurkildarrak final ugari jokatu ditu, eta itxura bikaina eman izan du. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko ditu. Finala zuzenean ikusteko sarrerak 20 euroren truke erosi ahal izango dira Gaskako leihatilan bertan. Giro aparta dago, eta harmailek itxura paregabea izango dute.