OCT. 15 2017 Instituzioak interesen mesedetan ez erabiltzeko eskatu dio Bilduk GHKri GARA DONOSTIA Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziak (GHK) bihar egingo duen batzordean, Zubietako erraustegiaren eraikuntza gelditzea erabaki zuten agintariak epaitegietara eramateko proposamena aurkeztuko du PSEko diputatu Jose Ignacio Asensiok. Horren aurrean, EH Bilduk aurreko legealdian GHK-ko eta Foru Aldundiko agintari izandako Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari babesa agertu eta instituzioak eta epaitegiak ezin direla «interes alderdikoien mesedetan erabili» adierazi du. «Mendekua besterik bilatzen ez duen presidentearen burugabekeria baztertu eta zuhurtziaz jokatzea» eskatu die EH Bilduk GHK-ko kontseiluko kideei. EH Bilduren hitzetan, «legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100ean betez jokatu zuten» Asensiok epaitegietara eraman nahi dituen bi agintariek. «Kudeaketa zuzen eta gardena egin zuten, herri mandatua betez, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan». Zentzu horretan, erabakia «berme juridiko guztiekin» hartu zela gaineratu du koalizioak ohar bidez.