Aimar Irigoienek iragarpenak betez eskuratu du Aiako Diva Txapelketa
Ez zen ezusterik izan atzo Aian jokatu zen Diva Harri Txapelketan eta Aimar Irigoienek irabazi zuen. 127 eta 125 kiloko harri zilindro bereziak erabili zituzten, eta, bakoitzarekin, hiruna minutuko txandak izan zituzten.
Irigoienek 28 eta 29 jasoaldi eman zizkion harri bakoitzari. Atzetik sailkatu zen Mikel Lopetegi, eta hor ere ez zen ezusterik izan. Zarauztarrak 27 eta 28 jasoaldi lortu zituen. Podiuma, Albisuk osatu zuen, harri bakoitzari 22na jasoaldi emanez.
Izeta IV.ak laugarren postua eskuratu zuen, harri bakoitzarekin 22na jasoaldi lortuta. Bosgarren postuan Aimar Galarraga sailkatu zen, hurrenez hurren harri bakoitza bizkar gainean 21 eta 22 aldiz berdindu ondoren.
Peñagarikano sailkatu zen seigarren. Berak, 19 eta 21 jasoaldi lortu zituen. Etxeberria izan zen zazpigarren postua eskuratu zuena, 14 eta 15 jasoaldi lortuta. Jimenezek, berriz, 13 eta 14 aldiz lortu zuen harri bakoitza bizkarreratzea. Sailkapena Peterrek itxi zuen, 8 eta 10 jasoaldi lortuta.