GARA Euskal Herriko egunkaria
NBA

Minnesota berrindartuak itxura ona emanda menderatu du Oklahoma


Minnesota Timberwolves talde eraberrituak itxura ona dauka aurtengo denboraldian, eta atzo 113-115 menderatu zuen Oklahoma City Thunder, sasoi berri honetarako asko indartu den mendebaldeko beste taldeetako bat. Karl Anthony Towns pibota izan zen berriz ere Minnesotako jokalaririk onena, 27 puntu eta 12 erreboterekin, baina Andrew Wiggins (27 puntu) eta Jeff Teague (19 puntu eta 9 asistentzia) ere oso fin aritu ziren. Oklahoman, berriz, Russell Westbrooken lana (31 puntu eta 10 asistentzia) ez zen nahikoa izan eta jokatutako hiru partidatatik bi galdu dituzte jada.

Ekialdean, agian emaitzarik aipagarriena Brooklyn Nets taldearen bigarren garaipena izan zen, 116-104 Atlanta Hawksen aurka. Azken urteetan denboraldi oso kaskarrak egin dituzte New Yorkekoek, baina badirudi aurten bidea apur bat zuzendu dezaketela. Allen Crabbe, Demarre Carroll, D’Angelo Russell eta Caris Levert 15 puntutik gora joan ziren, talde lan ona osatzeko.

Lehen entrenatzailea kalera

Earl Watsonek, Phoenix Suns taldeko entrenatzaileak, hiru partida bakarrik iraun ditu karguan. Arizonako frankiziak hura kaleratzea erabaki du eta bere laguntzailea izango da ordezkoa, Jay Triano kanadarra.

All about NBA