Ariane KAMIO
(Euskal) Kazetaria
IKUSMIRA

Vietnam

Ustetasun zaurgarri batetik, betetasunari gerturatuko zaionaren bila. Askotarikotasunaren ikuspegi poliedrikoa hanpatutako eremu bihurtuta, balizko hegemonia baten xerka. Nor berearen atezuan. Jarraipen suharra Kataluniako egoerari. Bai. Eta gozatzen. Elizkizuna ETBk “Sautrela”ri. Hil-kanpaien agurra eta hilberriaren oharra. Bukatu da, eta aio.

Txikimundismoen gerra galduetako soldadu disidente bihur daitezke aurrerantzean euskal idazleak. Kritika zorrotzik gabe, irakurle masa zatituaz, eta etorkizun marraztu gabearen arerioaren aurkako sasi-borrokalariak.

Aurrekoan, lankide baten galdera: «Nork egiten du literatura Euskal Herrian?». Supituki belaunaldi zaharrenetaraino eraman nuen nirekin batera, haiek idatzitakoa egiazko literatura zelakoan. Irudimen nostalgiatsuak eta izenen pisuak arrastaka eramandako usteen baitan. Segurtasun literarioa eta kontsagrazioa. Baina tronpatu nintzen, beste behin.

Euskal literaturaren atzean gutxitan izandako sentipenari jarrai, bohemiotasuna, gogortasuna, mina eta etsitzea jaso ditut kasu bakanean. Nostalgia eta zentzu bukolikoak sortzeko gai izan daiteke 21 urteko poeta bat?

21 urte eta poeta. Eta euskalduna. Orain belaunaldi zaharragoetako soldadu beteranoek egindako bidea berrabiarazi duenaren irudian iltzatu naiz. Idazle gazteen banda bat, aldizkari bat, literatura, poesia, kafea, tabakoaren kea eta “50 sombras de Grey” agian ere bai. Kataluniako telebista publikoa bahituko duten beldur, gaur, hemen, gure entearen hozkadak zati handi bat eraman du. Eta Vietnamen ikusarazi nau. Berriz.