MIKEL EIZAGIRRE EGIGUREN
GUTUNAK

Itxaron

Itxaroten ez dakigulako galdu dugu itxaropena agian. Berehalako erantzunetara ohitu gara, edo ohitu gaituzte, eztabaida interesgarria. Baina ukaezina da behintzat, denborak bere balio naturala galdu duela pazientzia galtzen duten gizarteetan, gure buru-bihotzak konprimitu, mekanizatu eta digitalizatzen diren bitartean. Dagoeneko ahantzi zaigu zer den gogoan dugun norbaiten gutuna iritsi arte denboraren pisua bizkarrean sentitzea, presoek ondotxo dakite.

Diruz eros daitekeen ia edozein gauza ekar dezakegu Txinatik etxeko atarira. Ezer gutxi da diferitua, badirudi dena zaigula eskuragarri tekleatze laburraren tartera: agurrak, eskuminak, mesedeak, aitorpenak, konfidentzialitateak, hitz goxo nahiz garratzak… horregatik izango da agian, ez dutela lehen zuten zapore bera. Morfologikoki berdinak diren hitzak desberdin ulertzen edo sentitzen dira minutu bateko frakzioan jaso, edo egunak, asteak, hilabeteak itxaron behar direnean. Berehalakotasunaren erdian, hitzak eta irudiak metraila baino bizkorrago eta ugariago igortzen direnean, ia edozer suerta daiteke iheskor, hutsal, ezdeus. Malkoak euri artean bezalaxe galtzen da erraietatik irtendako edozein hasperen, jatorrizko zentzu zein kontestu osoa galduz.

Mezuen suntsipenarekin paradigma beraren aurrean topatzen gara; zer da posta elektronikoko iradokizun guztiak ezabatzea edo mugikorreko galeria hustea, urteetan zehar jasotako eskutitzak sutondora botatzearekin alderatuz gero? Argazkiekin ere gauza bera; karreteek eta errebelatu bitarteko uneek zenbat mugatzen baina aberasten zituzten era berean, hilezkortu nahi genituen errealitate zatiak. Zerikusirik ez.

Gai izango ote gara pultsu dardartiz idatzitako testamentuek, eguneroko zaharrek, postalek, soldaduek euren amei frontetik igorritako gutunek, mugak klandestinoki zeharkatzen zituzten liburuek eta «irakurri ondoren suntsitu» zioten telegrama delikatuek gordetzen zituzten istorioetan geure buruak aurkitzeko, eta zergatik ez, pasioa berreskuratzeko?