Jon LEUNDA
Aizkora

Lehen Mailarako bidean jarraitzeko azkeneko aukera izango da Azkoitian

Kañamares III.a, Mieltxo Mindegia, Mujika, Mugertza III.a, Zaldua eta Ruben Saralegi lehiatuko dira bihar, 12.00etatik aurrera, Gurea pilotalekuan.

Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatuko da bihar Azkoitiko Gurea pilotalekuan 12.00etan, eta bertan izango dira kanporaketa jokatu zutenetako aurreneko sei sailkatuak. Saria, ordea, ez da izango aurrenekoarentzat bakarrik, bigarrenarentzat ere bai: aurreneko bi sailkatuek datorren urtean Lehen Mailan jokatzeko txartela lortuko dute.

Julen Kañamares, Mieltxo Mindegia, Aratz Mugertza, Jexuxmari Mujika, Xabier Zaldua eta Ruben Saralegi aizkolariak lehiatuko dira. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu, Lehen Mailako finalean izaten duten lanaren erdia izaten da Bigarren Mailan.

Final honetan arituko diren sei aizkolarietatik bik badakite zer den Lehen Mailan aritzea. Jexumari Mujika da denetan eskarmenturik handiena duena. Txapelketa hau irabazitakoa da bera eta Lehen Mailan aritu bakarrik ez, finaletan ere izandakoa da, eta biharkoan ere bat baino gehiago egongo da berari begira.

Lehen Mailan arituta dagoen bestea Ruben Saralegi da. Nafarra oraindik oso gaztea da, baina lortuta dago onenekin lehiatzea, nahiz eta gero ez duen han jarraitzerik lortu, maila galdu baitzuen. Biharkoan ere faboritoen artean agertuko da.

Beste lauretako batek irabaziko balu, lehen aldiz izango luke onenekin lehiatzeko parada, baina ikusita denen arteko aldea oso txikia dela, edozeinek izan lezake irabazteko aukera. Julen Kañamaresek saio bikaina egin zuen kanporaketan, eta erakutsi zuen mailari eusten baldin badio, lan handiak emango dituela. Xabier Zalduak denboraldi ona darama. Datorren abenduan bi apustu izango ditu, eta hara begira ere ariko da prestatzen. Berak ere bihar eguerdiko txapela lortzeko aukerak izango ditu.

Mieltxo Mindegiarekin ere itxaropen handiak daude. Miel Mindegia handiaren semerik gazteenak maila handia dauka, eta lan hau ere aproposa izan daiteke berarentzat. Mieltxok Lehen Mailara igotzea lortuko balu, Mindegiaren bigarren semea izango litzateke Lehen Mailan, bere garaian Patxi ere egon baitzen.

Gauza bera esan daiteke Mugertza III.ari buruz. Mutrikuarra askotan izaten da finaletan, eta igotzea erdietsiko balu datorren urtean bere anaia zaharrenarekin batera arituko litzateke maila nagusian. Horien aita ere, Fausto, Lehen Mailan aritu zen. Garbi dagoena da euren artean oso alde txikiak daudela, eta horrek emozio handia ematen dio norgehiagokari. Lehen Mailako finala ederra izan zen, eta Bigarren Mailakoa ere horrelakoa izatea espero da.