Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Bere azkeneko saioan ere ez du hutsik egin Izeta II.ak

Bi eskurekin 100 kiloko kubikoari 50 jasoaldi emateko eta esku bakarrarekin  100eko zilindroari beste horrenbeste ematekon 18 minutu behar izan zituen.

Izeta II.ak marka handi bat eginez eman zion amaiera bere kirol ibilbideari Zarauzko pilotalekuan. Harmailak bete egin ziren aiarraren agur saioa ikusteko, eta honek ez zuen hutsik egin.

Izeta III.a anaia eta Izeta IV.a semea alboan zituela, 100 kiloko kubikoa bi eskurekin eta pisu bereko zilindroa batekin jaso zituen; bakoitzari 50 jasoaldi eman behar zizkion eta horrelaxe egin zituen. Kubikoarekin, alegia, bi eskurekin hasi zen eta lehen 50 jasoaldiak 10 minutuan lortu zituen. Gero, jarraian, esku batekin zilindroa jasotzeari ekin zion, eta lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta segundo bat behar izan zituen. 

«Oso gustura nago egin dudanarekin. Neure buruarekin neukan kezka; izan ere, agurreko emozio horiek hemen agertzen hasten baziren, ez zegoen zer eginik, baina oso zentratuta atera naiz, eta marka bakarrik izan dut buruan», adierazi zuen aiarrak. «Kubikoarekin oso gustura jardun dut, baina hor aldaketa egin dudanean izan dut betekada handi bat, baina gainditu dut», erantsi zuen.

Lehenengo une hunkigarria marka bukatu bezain pronto iritsi zen, bere biloba txikiak segituan joan baitziren, bere semearekin batera, eta haiekin izan zuen aurreneko une berezia. Gero etorri ziren gainerako harri-jasotzaileen saioak, eta tartean izan ziren bai bere anaiak, semea, iloba eta biloba ere, azken hauek haurrak oraindik. Harri-jasotzaileen artean asko izan ziren, baita jadanik utzita dauden Landarbide eta Zelai ere. 

Hor etorri zen bigarren une hunkigarria, harri bolarekin Idoia Etxeberriak eta Udane Ostolatzak agurra egin zioten unea. Kantariak, aizkolariak eta bertsolariak ere aritu ziren. Opariak ere jaso zituen Izeta II.ak azken saio honetan.