OCT. 30 2017 Eskalada Hiru urre eta bi zilar euskal ordezkarientzat Hilaren 21 eta 22an, Andoni Esparta, Mikel Linazisoro eta Itziar Zabala Fedme-k antolatutako lehietan protagonista izan ziren. Andoni ARABAOLAZA Hilaren 21 eta 22an, eskalada lehietan jarduten duten euskal ordezkariek asteburu bete-betea izan zuten. Fedme-k antolatuta, Bartzelonako La Foixarda eskalada-horman hiru hitzordu nagusi jokatu ziren. Hirurak ala hirurak Espainiako Txapelketak ziren. Horietako bat jubenilen mailan: zailtasuna. Eta beste biak, seniorretan: abiadura eta blokea. Ohi den bezala, Euskal Mendizale Federazioko zein Nafarroako Federazioko ordezkariek ez zuten hutsik egin. Eta, oro har, esan dezakegu guztiek ere emaitza bikainak lortu zituztela. Hainbat eta hainbat podiumetara igo eta finaletan egoteaz gain, hiru urre eta bi zilar erdietsi zituzten. Urrea sinatu zuten protagonistak honakoak izan ziren: Andoni Esparta 18 urtez azpiko mailan, Mikel Linazisoro abiaduran eta Itziar Zabala blokean. Zilarra ekarri zutenak, berriz, Eneko Carretero (18 urtez azpiko mailan) eta Muriel Ruiz de Larramendi (20 urtez azpikoen mailan). Lehen lehia egunean, 21ean, jubenilen txanda izan zen. Ehun bat lehiakidek hartu zuten parte, eta guztiek ala guztiek bide gogorrei egin behar izan zieten aurre. Zailtasun txapelketa zela erabat nabaritu zen; izan ere, gazte hauek erakutsitako maila handia izan zen oso. 16 urtez azpikoen mailan, finalisten artean (8 sailkatu ziren) ez genuen euskal ordezkaririk ikusi. Alabaina, top 10ean bi sailkatu ziren: Izaro Azkue bederatzigarren postuan eta Iker Karrera hamargarrenean. 18 urtez azpikoen mailan, bestalde, argi eta garbi geratu zen euskal selekzioaren izenean lehiatu zirenak oso sasoiko daudela. Horrekin esan nahi dugu, maila horretan emaitza onenak erdietsi zirela. Nesketan, Ane Erostarbe gutxigatik ez zen finalera pasatu, eta hamargarrena izan zen. Mutiletan, aldiz, lau finalista izan ziren. Final hauei dagokionez, esan behar dugu oso lehia estuak jokatu zirela; eta mugimendu bategatik edo bestegatik postuak aldatu ziren. Andoni Espartak txapelketa biribila egin zuen, eta aitor dezakegu aise irabazi zuela. Bilbotarraren atzetik Eneko Carretero sailkatu zen. Nahiz eta zumaiarra blokeko lehietan hobeto moldatzen den, sokarekin final handia egin eta zilarra lortu zuen. Modu batera edo bestera, Mikel Linazisororen laugarren postua ezustekoa izan zen. Finala irabazteko faborito nagusia zen; gainera, sailkapenetako bi bideetan bakarra izan zen top egiten. Baina, aipatu dugun bezala, final oso estuak izan ziren, eta mugimendu bakar batengatik podiumetik kanpo geratu zen. Azpimarratzeko modukoa da ere Tasio Martinek erdietsitako bosgarren postua. 20 urtez azpikoen mailan, azkenik, harrigarria da nesketan zortzi finalisten artean bost euskal ordezkari ikustea. Linazisoro bezala, Muriel Ruiz de Larramendi zen faboritoa. Sailkatze txandak horrela erakutsi zuen. Lehen bidea soilik berak kateatu zuen, eta bigarrenean ez zuen top egin, baina onena izan zen. Nafarra txartel horrekin finalera pasatu zen. Espero zen bezala, txanda horretan ere nagusitu zen. Baina Rebeca Perezek kexa egin, eta Ruiz de Larramendik bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Perezek irabazi zuen, beraz. Beste euskal ordezkariei dagokienez, Irantzu Porres laugarrena izan zen, Maialen Lezeaga bosgarrena, Suyapa Perez seigarrena eta Leire Ruiz de Argandoña zazpigarrena. Eta mutiletan, beste bi euskal lehiakide finalera igaro ziren. Martin Urrutiak laugarren postua lortu zuen, eta Samuel Torricok zazpigarrena. Beste bi urre Aurretik esan bezala, bigarren txapelketa abiadurakoa izan zen; hori bai, senior mailan. Hala eta guztiz ere, jubenil batzuek parte hartzeko aukera izan zuten. Lehia modalitate honen inguruan esan behar dugu Espainiako Estatuan hutsune nabarmena dagoela. Duela 18 urte Espainiako Txapelketa bat jokatu zen; bakarra orain arte. Baina eskalada lehiak lehen aldiz Olinpiar Joko batzuetan egongo direnez (2020. urtean, Japonia), federazioak hasi dira modalitate hau bultzatzen. Eskalatu zen murrua, berez, ez zen ofiziala izan, araututako 15 metroko murrua izan ordez 10ekoa zen. Abiadurako txapelketa honetan 30 eskalatzailek hartu zuten parte. Lehenik eta behin sailkatze txanda jokatu zen. Eta eginiko denborak kontuan hartuta, finalak martxan jarri ziren. Honetan hainbat txanda izan ziren, eta onenek nor baino nor jardun zuten, lehen hiru postuak eskuratzeko. Argi eta garbi geratu zen Linazisoro modalitate honetan, ondo moldatzeaz gain, prestaketa lan ona egiten ari dela. Eta ez da harritzekoa; besteak beste, Europako hitzordu nagusi batzuetan abiadura probetan lehiatu delako eta datorren urtean Buenos Airesen gazteen mailako hitzordu handia duelako. 10 metroko murru horretan, bergararra izan zen onena, 4,77 segundoko denborarekin. Berez, azkarrena Isaac Estevez izan zen, baina ekuadortarra izanik ez zuen txapelketan puntuatu. Esparta, berriz, seigarrena izan zen eta Carretero hamalaugarrena. Eta Espainiako Txapelketen kronika blokekoarekin amaituko dugu. Hau ere senior mailan jokatu zen, eta berriro ere hainbat jubenil lehiatu ziren. Hilaren 22an jokatu zen, eta euskal eskalatzaileen emaitzak ikusita, lehen berri pozgarria nesketan iritsi zen. Finalerako txartela bik lortu zuten (sei sailkatu ziren): Ruiz de Larramendik eta Itziar Zabalak. Elena Aleman eta Edu Marin ekipatzaileek bloke gogorrak jarri zituzten, eta, horren ondorioz, top egitea oso zaila izan zen. Maria Alarcon faboritoak bezala, Zabalak bi egitea erdietsi zuen. Baina dimoztarrak saio bat gutxiago behar izan zuenez, garaipena eraman zuen. Zabalak Fedme-ren hainbat hitzordu nagusi irabazi ditu, baina Espainiako Txapelketa lehen aldiz irabazi du. Ruiz de Larramendik laugarren postua eskuratu zuen. Mutilei dagokienez, berriz, finalean ez zen euskal ordezkaririk izan. HITZORDUAK Hilaren 21 eta 22an, Fedme-k antolatuta, Espainiako hiru txapelketa jokatu ziren: zailtasunekoa, abiadurakoa eta blokekoa. Lehena jubenilen mailan izan zen, eta beste biak seniorretan. JUBENILAK 16 urtez azpiko mailan, Andoni Espartak urrea lortu zuen; Eneko Carretero bigarren postuan sailkatu zen. 20 urtez azpikoan, Muriel Ruiz de Larramendirentzat izan zen zilarra. SENIORRAK Nahiz eta jubenila izan, Mikel Linazisoro abiadurako txapelketan nagusi izan zen. Blokean, berriz, Itziar Zabalak lehen aldiz Espainiako Txapelketa irabazi zuen.