GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Eloi


Plazan burua jira eta bira ikusten nuen, okotza altxatuta, begi urdinak dir-dir. 43 urte ziren lur horiek ukitu gabe, pasaia horiek ikusi gabe, jende askoren bisaia zahartuak, itzuleraren zain zeuden beste aurpegi ezezagun askorekin batera. Eliza, udaletxea eta apaiz etxea ikusi zituenean, barrenean zerbait mugitu zitzaiola esan zidan. Irudikatu nezake zer nolako oroitzapen eta sentimenduen zurrunbiloan sartu zen gure Eloi une horretan, parean agurra dantzatzen ari zitzaizkiola ere ia beharbada konturatu gabe.

«Niri Poliziak eta Guardia Zibilak baino beldur handiagoa ematen dit harreran egongo den jendeak!». Barre egin genion ondotik, lasai egoteko esanez. Bera agurtzera joan eta ezagutuko ez zuen jendeaz kezkatzen zen. Ze itxura emango ote zuen ba.

43 urte. Erraz esaten da. Baina beharbada datu esanguratsuagoa da honakoa: 1974an alde egin zuen, Franco diktadorea oraindik bizi zela. Ordutik gatazka konpondu gabearen ikurra izan da gure herrian Eloi. Tartean izan ditu konfinamenduak, gerra zikina eta kideen hilketak, espetxealdiak, erbeste gogorra. Baita une pozgarriak ere, EHNA eskuan Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatuz edota 2013an Miarritzen, iheslariak apurka etxera itzultzen hasiko zirela esan zutenekoa, besteak beste. Beti borrokan.

Telesforo Monzonek ere 1937an erbestera ihes egin behar izan zuen ondoko herritik, Bergaratik. 80 urtez asko izan dira gatibu edo erbestean izan diren bergararrak ere. Urriaren 4an geratu zen aske azken presoa, Manu Gaztelu. Elkartasuna adierazi diete preso eta iheslariei, maitasuna garraiatu asteburuero ziegetara. Eta bihar ospatu egingo dute 80 urteren ondoren preso eta iheslari politikorik gabeko herria dela Bergara. Gauzak ospatu ere egin behar direlako.

Historiaren eta herri honen borrokaren hariak lotzen ditu Bergara, 36ko gerra, Telesforo, Eloi, trantsizio deiturikoa eta itzulerak. Kataluniar errepublikaren egunean itzuli zen Eloi herrira. Soraluzen ere egun horren zain baino, borrokan jarraitzen dugu. Euskal Errepublika eta preso eta iheslari guztiak etxean izango ditugun eguna. Osasuna eta askatasuna Eloi!