GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Botere guztia sobietei!


Kontsigna hau gako izan zen 1917ko hilabete zurrunbilotsuetan. Nicolas II.a tsarrak abdikatu ostean 1917ko martxoan (une horretan Errusian indarrean zegoen juliotar egutegian otsaila zen), sortutako behin-behineko Gobernuan sozialdemokratak parte hartzen ari ziren, liberal eta aristokratekin batera. Boltxebikeen zuzendaritzaren sektore batzuek ere Gobernuarekiko adiskidetze jarrera zeukaten. Testuinguru horretan, Leninen “Apirileko tesiak” obran jasotako planteamenduak gako izan ziren boltxebikeen norabidea argitzeko (boltxebikeak barruko korronte nagusia ziren Errusiako Alderdi Sozialdemokratan, handik gutxira Alderdi Komunista bihurtu zena). Baita hilabete batzuk geroago Petrograden boterea hartzea ahalbidetzeko ere.

Azaroaren 6-7 honetan (juliotar egutegian urriaren 24-25), 100 urte beteko dira iraultza sobietarretik. Zalantzarik gabe, iraultza hori garaipen nabarmenena izan zen munduko langileriaren historian. Langileek boterea hartzeak eta 1918-1921 arteko gudan potentzia inperialistek babestutako erreakzioa garaitzeak ideia marxisten gauzatzea suposatu zuen neurri handi batean. Izan ere, Marxek eta Engelsek beraiek azaldu zuten marxismoa ez zela dogma bat, baizik eta akziorako gida.

1871ko Parisko Komunaren herri garaipen iraungikorraren ostean, sobietar iraultzak klaserik gabeko jendartera abiatzea ahalbidetu zuen, baita kapitalismotik komunismorako trantsiziorako estatu sozialistaren eraikitzea era praktikoan planteatu ere (“Estatua eta iraultza” idazkian Leninek berak teorizatu zuena). Geroago gauzatu zen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) norabide okertzearen eta atzean egon ziren barne arrazoien (estalinismoa, burokratizazioa…) eta kanpo arrazoien (eraso inperialistak, Europan hedatu behar ziren beste iraultzen porrota…) analisian sartu gabe, Iraultza Sobietarrak gainontzeko herriei erakutsi zien posible zela klase zapalduek boterea eskuratzea eta berdintasunezko eta jaberik gabeko jendartea eraikitzea. Iraultza horrek eta sortutako Estatuak auzitan jarri zuen (des)ordena kapitalista, eta, inperialismo nazia adoretsuki suntsitu ostean, SESB munduko potentzia bihurtu zen arlo guztietan, inperialismo yankiaren kontrapisu bilakatuta. Horregatik ezinbestekoa zaigu gertakizun horiek gogoraraztea eta ikertzea (asmatzeak zein akatsak), baita aldarrikatzea ere. Are gehiago urteurren honetan, non sistemaren desinformazio medioek gertaerok karikaturizatzen eta sinplifikatzen saiatuko diren. Izan ere, iraganeko zerbait bezala aurkeztuko dizkigute, gainditutakoa, kapitalismoarentzat alternatibarik ez dagoen munduan errepikaezinak diren gertakariak bezala.

Leninen eta beste iraultzaileen ekarpen teorikoak, baita milaka langile eta nekazarien borroka ere, lurperatzen saiatuko dira. Hala ere, errealitate gordinak berresten du ideion gaurkotasuna eta sistema aldatzeko beharra. SESBren desagertzeak eta kapitalismoaren nagusitasunak munduan emakume-gizonen arazo larriak konpondu ditu akaso? Jendartea klaseetan banatuta izateak, ekoizteko baliabideen jabe den gutxiengoak gehiengoa esplotatzeak, kapitala gero eta esku gutxiagotan kontzentratzeak (“Inperialismoa, kapitalismoaren aro gorena” idazkian Leninek deskribatutakoa), monarkia parasitoen iraupenak, populazioak hiltzen dituen miseriak, goseak, gerrak… erakusten dute duela mende bateko agertokitik ez dugula asko aurreratu.

Iraultza Sobietarrak irakaspen oso baliagarriak utzi zituen, XX. mendean zehar eta egun ere garatzen diren esperientziekin aberastuak izan direnak. Horietako bakar batzuk aipatzeagatik, Iraultzak botere paralelo bat (langileen, nekazarien eta soldaduen sobietak) eraikitzearen beharra erakutsi zuen, boterea hartzeko baliagarria izango zena, baita etorkizuneko Estatu Sozialistaren enbrioia ere. Era berean, boterea hartzea ahalbidetuko zuen estatu krisia heltzen zen bitartean langileria formatzearen ezinbestekotasuna erakutsi zuen, baita estrategiaren premia ere langileek boterea eskuratzeko eta finkatzeko. Historian hainbestetan gertatutako matxinadak matxinada hutsean gera ez zitezen, ordena berri bat eraikitzeko ezgai. Iraultza Sobietarrak Estatu zaharra eraistearen eta berri bat eraikitzearen beharra erakutsi zuen, burgesiak berak gehiengoa menperatzeko diseinatutako egituren erabilera gaindituz. Horren harira, indarkeria antolatuak herriaren eskumena izan behar zuela azaldu zuen, ez zuela egon behar herriaren kanpotik eta gainetik dauden errepresio indar berezien esku (polizia eta ejertzitoa).

Horrez gain, Leninek behin eta berriro ohartarazi zuen bake sozial iraunkorraren ilusioa elikatzen duen klaseen arteko hitzarmenaren sineskeriarekin apurtu behar zela. Hots, interes kontrajarriak dauzkaten klaseak adiskidetzearen ezintasunaz ohartarazi zuen. Zentzu horretan, Leninek utzitako esaldi adierazgarrienetariko bat honako hau da: «Gizonak (eta emakumeak) beti izan dira politikan norberaren eta besteen engainuen biktimak, eta horrela jarraituko dute esaldi, adierazpen eta moral, erlijio, politika eta jendarte agintza guztien atzean klase baten edo beste baten interesak identifikatzen ikasten ez duten bitartean». Ideia horretatik sortutako burgesiarekiko eta sozialdemokraziaren sektore morroiekiko ezinbesteko mesfidantza gakoa izan zen “Botere guztia sobietei!” leloa errealitate bihurtzeko.