Maider IANTZI
GOTZONE SESTORAIN

«Nekazaritza txikira egokitu behar dira baldintzak»

Leitza eta Ezkurra artean, Basakabi aldean dago Gorritz baserria. Gotzone Sestorainek bertako martxa darama anaiarekin batera. Eskaera baterako gaztak prestatzen ari da. Goiz osoa barrenean lanean emanda, eguzkitan egin nahi du elkarrizketa, etxe atarian jarrita.

Bere burua aurkezten hasi orduko transmititu digu kemena eta segurtasuna: «Leitzarra naiz, 52 urte ditut. Eraikuntza enpresa batean lan egiten nuen eta duela lau urte baserrian hasi nintzen. Ordura arte neba batek eta amak eraman zuten. Ama osasun arazoengatik erretiratu, eta, orduan lanik gabe nengoenez, anaiarekin ardura hartzea proposatu zidaten».

Ama artzaina eta gaztagilea izan da, berak transmititu ditu familian jakinduria eta ofizioa. Anaia artzaina eta gaztagilea da; Gotzone, gaztagilea eta salmenta arduraduna. Baratzea ere badute eta autosufizienteak dira ia. Gorritz gazta ez da «ez ekologikoa ez konbentzionala. Ekologikoa zigilu batekin da eta guk ez dugu halakorik. Lehen egiten zen bezala, gure ardiak eguraldi ona hasten denetik abendura arte larrean elikatzen dira, eta neguan eta axuriak jaiotzen hasten direnean barrenean egoten dira, jasotako belarra janez, transgenikorik gabeko pentsuarekin lagunduta».

Ardia jezteko, belarra jaso eta animaliei banatzeko… dena mekanizatua dute eta gazta egiteko prozesuan ere zati handi bat bai, baina oraindik artisau lan aunitz dago. Etxeko esnearekin eta bertako axuriaren gatzagi naturalarekin egiten dute gazta.

Gehiena salmenta zuzenaren bidez saltzen dute, etxean bertan eta ostiraletan Leitzako azokan. Azoka gehiagotan eta denda eta jatetxeetan ere dasta daiteke Gorritzen zaporea. 3.200 bat gazta egiten dituzte.

Bildotsak ere amaren esnearekin hazten dituzte. «Bikainak ateratzen dira, baina hauek saltzea gehiago kostatzen zaigu. Jateko ohiturak asko aldatzen ari dira. Gure axuria Madrilera joaten da, bitartekarien bidez, prezio negargarrietan. Gazta defendatzen da, axuria ez».

Burujabetza lantzeko plana

Leitzan zortzi baserri dira honetatik bizi direnak eta bertze dozena bat daude osagarri bezala dutenak nekazaritza. «Duela 35 urte 40 bat baserri zeuden herrian: behi esnea egiten zuten, txekorrak zituzten, txerriak… Familia bat duintasunez bizitzeko ematen zuen. Orain, esnetarako behiak Leitzaldetik desagertu dira. Haragitarako behiak eta txekorrak badaude. Ardi esneak ere eusten dio. Gaztandegia gurea bakarra da Leitzan eta badira beste sei inguruko gaztandegiei saltzen dietenak. Beste seik etxerako egiten dute. Baina lehen baserri guztietan egiten zen».

Gizarte segurantzan alta emanda dauden 24 bat baserritarretatik 16 emakumeak izanen dira Leitzan. Ez da ohikoa. «Hemen eutsi egiten zaio baserriari, baina ekoizle gehienok 40 urtetik gorakoak gara».

Justu elkarrizketaren egunean aurkeztu zuten Leitzan baserrien diagnostikoa. Horren arabera, kolokan dago geroa. Udalak egin du azterketa, baserritarren eta kontsumo taldeen laguntzaz. Bertako ekoizpena, salmenta eta kontsumoa zein egoeratan dauden behatu dute, bertako elikagaiek zein leku duten denda eta tabernetan, eta kontsumitzaileen ohiturak eta kezkak zeintzuk diren. Elikadura burujabetza lantzeko plan bat egitea da asmoa, datozen bi urteetarako.

Baserriak desagerrarazi

Sestorain ezin argiago mintzatzen da: «Ipar Euskal Herrian nekazaritza txikia laguntzen den bezala, Nafarroan handia bultzatu da eta horren ondorioak bizi ditugu. Nafarroako Mendialdean zein Erriberan, arazo bera dago. Erriberan ustiapen ertainak eta handiak gelditzen dira bakarrik. Eta nekazaritza eredu txikia, lurrari lotua, oso inportantea da kulturari eusteko eta herritarrak elikatzeko. Toki bikaina da hau esne, behi eta barazkitarako. Zergatik ekarri behar dugu kanpotik?».

Baserritarrak azaldu duenez, azken 30 urteotan industriak eta administrazioak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren intentsifikazioa eta industrializazioa sustatu dute. «Sekulako berregituraketa egin da eta milaka lanpostu galdu dira. Nekazaritza iraunkorraren aldeko apustua egingo balitz, egoera bestelakoa litzateke, baina Nafarroako Gobernua aldatu arren, hor ez da aldaketarik egiten. Negar egiten dugu baserriak desagertu direlako baina ondorio bat da hori, desagerrarazi egin dituzte. Diru laguntza sistema, araudia, baldintza higieniko-sanitarioak… dena ekoizpen handira bideratu da».

Ipar Euskal Herria aipatzen du behin eta berriro eredu gisa. «Lurraldearen eta herrien garapenari eusten ari dira eta gu ez. Txikira egokitu behar dira araudi eta baldintzak. Jende gaztea bada honetan lan egin nahi duena, baina gure ingurura egokitutako eredu bat behar da. Bidea erraztu behar da, eta irtenbide indibidualetatik kolektiboetara pasatu. Ez dira gauza bera gure ekoizpena eta industriala eta hori baloratu egin behar da».

Baserrian emakumeak motorra izan dira, baina laguntzaile gisa hartu dira. Sestorainen ustez, nekazaritza industrializatzen joan den heinean, ordezkatu egin dira erabat. «Emakumea lotuago dago eredu txikiarekin, hori da bere neurriko zapata».