NOV. 06 2017 KIROL ESKALADA «La planta de Shiva»-rekin,Angela Eiter-ek historia egin du 31 urteko eskalatzaile austriarra 9b maila egin duen lehen emakumezkoa da. Villanueva de Rosarion (Malaga) dagoen bide hori urriaren 22an gainditu zuen; bere aurretik Adam Ondra eta Jakob Schubert-ek igota zuten. Bi urteko lana egin behar izan du. Last update: NOV. 06 2017 - 08:47h Andoni ARABAOLAZA Baten batek esango du ezustekoa izan dela. Hala izan liteke. Baina, bederen, argi geratu da bera dela protagonista nagusia. Angela Eiterri buruz ari gara. 31 urteko eskalatzaile austriarrak historia egin du. Iragan urriaren 22an, Villanueva del Rosarion (Malaga) dagoen “La planta de Shiva” bidea kateatu zuen. Horren ondorioz, 9b gradua egin duen munduko lehen emakumea da. Ezustekoarena aipatu dugu, hain zuzen, esfera horretan sartzen lehena Margo Hayes izango zela uste zelako. Estatubatuarrak bi 9a+ ditu; azkena, “Biographie”, duela hilabete igo zuen. Austriarrak, berriz, hiru 9a zituen; azkena, “Era Vella” (Margalef), 2015. urtean eskalatu zuen. Beraz, bi eskalatzaileon bilakaera ikusita, askok eta askok Hayes ikusten zuten 9b-tik gertuago Eiter baino. Nolanahi ere, austriarrak izan du azkenean ohore hori. Aitortu behar dugu Eiterren izena pixka bat “ahaztuta” genuela. Eskalada lehiak alde batera utzi zituenetik, ia desagertuta egon da. “La planta de Shiva”-ren aurretik arrokan egin duen azpimarragarriena aipatu dugu. Ez zegoen lehenengo lerroan, baina, berriro diogu, historia egin du. Lehietan ere historia egin zuen: lau aldiz izan da munduko txapelduna, behin Europakoa, hiru Munduko Kopa irabazi zituen, seitan Arco Rock Irekia... Zalantzarik gabe, mito bat izan zen. Eiterrek kirol eskaladari egin dion azken ekarpenak bi urteko ibilbidea izan du. Jakina, ez zen hutsetik hasi: «Nire lehen 9a, ‘Hades’ (Austria), lortu nuenean, xede gogorrago bat probatzeko gogoa nuen. Neure buruan ez zegoen 9b zailtasuneko biderik; bat-bateko kontu bat besterik ez zen izan. 2015. urtean saio batzuk egin ondoren, lehen luzea (8c) igo nuen. Bileran nengoela, bigarren luzea aztertzen hasi nintzen, eta ohartu ere helduleku txikiak zituela». Lehen luzea oso azkar lortu zuen. Bigarren luzea, berriz, argi geratu da bere estilokoa dela: helduleku txikiak dituen erresistentziako murrua. “La planta de Shiva”-ren bigarren zatia zain zuen: «Hura probatzera nire bikote Berniek animatu ninduen. Pare bat saio egin nituen soilik, baina bere edertasun zein zailtasunarekin erabat harrapatuta geratu nintzen. Sekzio batzuetan pauso luzeak daude eta, beste eskalatzaile batzuek ez bezala, nik sekuentzia ezberdinak asmatu behar izan nituen. Bai, oso txikia naiz; 1,54 neurtzen dut. Zorionez, saio horietan mugimendu guztiak egitea erdietsi nuen. Baina sekzio batzuetan hiru mugimendu baino gehiago lotzea ezinezkoa egin zitzaidan. Adam Ondrak bide horretan egin zuen bideoa ikusi nuen, eta hark pauso horietan eraginkorra izaten lagundu zidan. Lagundu bai, baina makina bat saio behar izan nituen korapilo horiek askatzeko eta gero guztiak lotzeko. Nire borroka izan zen, eta harro nago ere neure sekuentziak asmatu nituelako». Une etsigarriak Eiterrek azaldu duen hori guztia 2015. urtean izan zen. “La planta de Shiva” kateatu aurretik beste pare bat urteko lana izan du: «Azken bi urteotan Villanueva del Rosariora zazpi aldiz itzuli naiz. Batzuetan astebete pasatzen nuen; besteetan, berriz, pixka bat gehiago. Iragan urriko azken bidaiaren aurretik, maiatzean ekinaldi batzuk egin nituen. Oro har, onar dezaket saio asko eta asko etsigarriak izan zirela. Urriko ekinaldiak baino lehenago ez nintzen gai sekuentziak zailenak lotzeko. Jakob Schubert-ek ‘La planta de Shiva’-ren bigarren igoera egin ondoren esan zuen inoizko borroka gogorrena egin zuela. Eta adierazpen horiek beldurtu egin ninduten. Neure buruari galdetu nion ea bide egokiena aukeratu nuen. Orduan, nire indar guztiak bigarren luzean jartzea erabaki nuen». Lehen luzea egin eta gero, austriarrak jakin bazekien bigarrenak bidearen zatirik gogorrena zuela: «Ez nekien ze zailtasun duen, baina argi eta garbi nuen inoiz eskalatu dudan zatirik zailena zela. Gainera, zoritxarrez, mugimendu batzuk lantzen ari nintzela, bi helduleku puskatu ziren. Horren ondorioz, sekuentzia berriak asmatu behar izan nituen. Hori guztia gutxi izango balitz, oin eta hatz batean hartu nuen min. Une oso zail eta etsigarriak izan ziren, eta neure buruari hau esan nion: ‘Edertasun hau alde batera utzi beharko dut’». Baina Eiterrek ondo baino hobeto ezagutzen du bere burua. Eta osatu ondoren, berriro Malagara bidaiatu zuen: «Erabaki nuen bide zein eskalada hori oso gustuko nuela. Beste era batera esanda, ‘La planta de Shiva’-ra berriro itzuli nahi nuen. Eta hori joan den maiatzean egin nuen. Bigarren luzea probatzen ari nintzela, goialdean erori nintzen. Oso sentsazio onak nituen, eta saioekin aurrera egitea erabaki nuen. Iragan urrian, berriz, bigarren luzea probatzen ari nintzela argi nuen bide hau oso eskura nuela. Eta urriaren 22a iritsi zen. Arratsaldeko bostak ziren. Prest nengoen beste saio bat egiteko. Bigarren luzeko pauso gogorra gainditu eta eskalatzen jarraitu nuen. Bidearen amaieran nengoen, eta nabaritu nuen indarrik gabe geratuko nintzela. Ia-ia azken mugimenduetan erori nintzen; batez ere, azken pauso gogorrenean. Landarera leher eginda iritsi nintzen. Baina denbora izan nuen arnasa pixka bat hartu, indarra berreskuratu eta azken metroak egiteko. Ametsa egia bihurtu zen. Berniek besarkatu ninduen, eta negar malko batzuk isuri nituen». Bi urteko lan eskerga egin eta gero, Eiterrek patrikan zuen “La Planta de Shiva”: «Marra hau oso luzea da. 100 mugimendu baino gehiago egin nituen benetako atsedenik hartu gabe. Zorionez, lehen luzeak besoak era egoki batean askatzeko atsedenleku oso onak ditu, eta beste bat lehen bileran. ‘La planta de Shiva’-n izan dudan prozesuak erakutsi dit arrakasta lortu ahal izateko %100a eman behar dudala. Horretaz gain, jakin banekien babesa eta laguntza emango zidan norbait ondoan behar nuela izan. Arrakasta horren giltza aitak zein bikoteak izan dute. Baina, era berean, Adam Ondra aipatu nahiko nuke, xede hau aurrera eramateko asko animatu ninduelako». Ondra eta Schubert-en ondoren, beraz, austriarra izan da “La Planta de Shiva” igo duen hirugarren eskalatzailea: «Bi izen horiek aipatzen direnean, ikustea ni marra hori igo duen hurrengo protagonista naizela, bada egundoko poza ematen dit horrek. Emakumeen artean ni izan naiz lehena 9b egiten, baina Margo Hayes eta Anak Verhoeven gogoratu nahi nituzke. Biek ala biek 9a+ gradua egina zuten. Pozten nau ikusteak neska hauek izaera honetako mugak gainditzen dituztela. Niretzat inspirazio handia da. Gure aurretik beste bide-urratzaile batzuk izan dira, eta horiek ere gogoan izan behar ditugu. Baten batek galdetu dit ea lehietan izan dudan eskarmentuak ‘La planta de Shiva’ egiten lagundu didan. Jakina, hala izan da. Lanari etekina atera behar diozu, eta une jakin batean etekin horrek perfektua izan behar du. Eta, zalantzarik gabe, lehiek hau guztia ondo baino hobeto aurrera eramaten erakusten dizute». SAIOAK Villanueva del Rosarion (Malaga) dagoen bide hau egiteko, bi urteko saioak behar izan ditu. Austriarrak onartu du une etsigarriak bizi izan zituela. EZBERDIN 31 urteko eskalatzaileak bidearen lehen luzea (8c) aise gainditu zuen. Bigarrenean, berriz, 1,54 neurtzen duenez sekuentzia ezberdinak asmatu behar izan zituen. HISTORIKOA Iragan urriaren 22an, Angela Eiter-ek «La planta de Shiva» kateatu zuen. 9b egin duen munduko lehen emakumezkoa da.