NOV. 06 2017 ZIRIKAZAN Sexismoaren elikagaia Josebe EGIA Familiako bazkarian kontatu zuten lehengusinek, dantzariak eurak, nola duela urte batzuk ikastaroa izan zuten Euskal Herriko dantza jakin bat ikasteko, horretan adituetan adituenaren eskutik, gainera. Irrikan zeuden taldekideak pauso berezi haiek dantzatzeko. Ai, baina, ez zioten erreparatu xehetasun txiki bati: dantza hori gizonezkoek bakarrik dantzatu izan dute betidanik. Sartu zen entsegu-gelan adituetan aditua, gizonezkoa noski, eta serio demonio geratu omen zitzaien begira ikasle gehienei, emakumezkoei, alegia. Bota zuen halako euskal madarikazio jator askoa, zokoratu zituen astirik galdu gabe, eta orduan lasai eta eroso hasi zitzaien dantza erakusten beste lau katuei, gizonezkoei, alegia. Baztertuek erdigunean zeudenek egiten zutena kopiatzen jardun zuten eskola osoa. Adituetan adituak ez ei zien behin ere begiratu, bertan ez baleude bezala. Urteak pasatuta kontatzean, lehengusinek oraindik nolabaiteko harriduraz egin zuten, ulertu ezingo balute bezala, eta amorruz ere bai: nolatan trata ditzake heldu batek neskatxa batzuk hain gaizki; nolatan zapuztu irakasle batek hain modu ankerrean, generoagatik besterik ez, gazte batzuen ikasteko grina; nolatan onartu zuten haiek arrotz harroputz batek beren ohiko esparru batean bazter zitzan; eta, batez ere, nolatan ez zioten aurre egin beraiek hainbeste izanda eta hura bakarra. Urteak joanda konturatzen gara, eskarmentuaren eskarmentuaz (batzuetan ezta horrela ere), botere-harremanak halakoak direla: boteretsuak txiki eta ahul sentiarazten zaitu, gaizki ulerturiko errespetua (beldurra besterik ez baita) eragiten dizu, eta gero eta gehiago isiltasunera biltzen zara, babestuago egongo zarelakoan. Baina botere-harremanek badute beste bereizgarri ezinbesteko bat, funtsezkoa iraungo badute: ingurukoen konplizitatea. Lehengusinek inongo unetan ez zuten adierazi ez harridurarik ez amorrurik beren taldekideei zegokienez, alegia, gizonezko dantzariei. Haiek ere lasai eta eroso geratu ziren beren protagonismoan dantzan; haiek ere ez zuten txintik esan, haien begien parean ezezagun batek beren adiskideak marjinatu zituenean; haietako batek ere ez zuen elkartasuna erakutsi eta, adibidez, nesken ondora joan; haiek guztiak ezer gertatu ez balitz bezala dantzatu ziren neska haiekin berberekin hurrengo saioan… Horixe erantzun zidaten lehengusinek, lehenengoz jabetuta, beren lagunek zer egin zuten galdetu nienean. Ezer ez; horra sexismoak zergatik dirauen.