Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Sumendia, kea dariola

Alak hala nahiko zuen. Joan den larunbatean, Saudi Arabiak azkenaldian eman dituen albisterik zirraragarrienetako batzuk argitaratzear ziren unean, tximistak ikusi ziren Riadeko gauean. Iragarpen modura edo.

Ez zen, ordea, ez Jainkoaren ez eguratsaren kontua. Yemendik Riadeko aireportuaren aurka jaurtitako Burkan (“Sumendia”) misila izan behar zuen, eta hura suntsitzeko botatakoak. Hortik aurrerakoa, batek daki; yemendarrek esaten dute misilak itua jo zuela, saudiek diote airean suntsitu zutela. Heldu diren irudi bakanetan Patriot bateria baten lau misilak izan daitezkeenak igar litezke zeru iluna zeharkatzen; eta ondoren, segurtasun eta sorospen ibilgailuen zalaparta ikusgarria.

Zeinek zer jo, arazoa bertsua da: Yemenen ez atzera ez aurrera daukan gerra etxera heltzen ari zaio Saudi Arabiari. Riadeko aireportua Yemendik 800 bat kilometrora dago, eta ez da lehendabiziko aldia Yemengo huthiek Burkan misilak Saudi Arabiako puntu estrategikoen aurka jaurtitzen dituztena. Horrek esan nahi Scud-D misilen aldagaiak, Yemenen bertan eraldatuak, izan behar duten Burkan horiek arazo larria bihurtzen ari direla bizibidea petroliotik ateratzen duen eta garraiobide nagusitzat hegazkina duen herrialdearentzat. Eta ez al dira, saudiak Yemenen bezala, bizigune zibilen aurka hasiko, ala jainkoa!

Nolanahi ere, gertakariak giroa eta testuingurua gehitzen dio MBS-Mohammad bin Salman printze ahalguztidunak egin duen azken mugimenduari: hainbat printze eta goi-kargudun atxilotu, Guardia Nazionaleko eta Itsas Armadako buruak aldatu... Ustelkeria da arrazoibide ofiziala, nola ez, baina mundu guztiak irakurketa bertsua egin du: MBSek bere proiektu autokratikoa sendotu nahi du etxean dituen aurkariak jokoz kanpo utziz. Burtsek dar-dar egin dute.

R. Fisk zaharraren profezia betetzen ari daitekeela ematen du: hurrengo iraultza Saudi Arabian izan daiteke... eta Saud familiatik bertatik sutuko da.

Hala bedi?