NOV. 13 2017 Eskalada Zagros mendilerroan eginiko esplorazioakbide berri bat eskaini du Iragan urrian, Mikel Lazarok eta Alberto Urtasunek Lule Sakt-en 735 metroko eta 16 luzeko marra sortu zuten. Gehienez, 7a/+ zailtasuna du. Bi eguneko lana behar izan zuten, eta autobabesa nagusi da. Andoni ARABAOLAZA Duela hilabete aipatu genizuen Alberto Urtasunek gazte talde nafar batekin Thagian “Apechote” bidea sortu zuela. Ia denborarik galdu gabe, Marokotik Iran eta Irak artean dagoen Zagros izeneko mendilerrora joan da. Oraingo honetan, sokakide Mikel Lazaro izan du. Eskalatzaile nafarrak aurreratu digu urrian zehar eginiko espedizioak esplorazio ukitua izan duela: «Esan behar dut ingurumari hura ez dela oso ezaguna, baina, inolako zalantzarik gabe, onartu behar dut ere egundoko lekua dela. 2.000 eta 4.000 metro arteko mendiak dira, eta haietan makina bat pareta itsatsita daude. Horietako gehienak ukitu gabeak. Hori horrela ikusita, espedizioaren zutabe nagusietariko bat esplorazioa izan da. Eta harritu gaitu kareharrizko inguru horrek eskain dezakeen guztiak». Motorrak berotzeko, aldez aurretik zabalduta zeuden hainbat bide eskalatu zituzten: «Irandar eta frantses batzuek sortutako marra batzuk igo ditugu; guztiak ala guztiak oso onak. Baina, jakina, guk ere bideren bat ireki nahi genuen. Eta lortu dugu. Horretarako, Lule Sakt izeneko paretan jardun dugu. Esplorazioa eta zailtasuna lotzea niretzako oinarrizko osagaiak dira. Batzuetan bi osagai horiek bat egitea zaila da, eta, jakina, arrakasta lortzeko aukerak txikiak dira». Autobabesa Arestian aipatutako bideetan berotu ondoren, Lule Sakten balizko marra bat aztertu eta hantxe sartu ziren: «Bide berria zabaldu ahal izateko, bi eguneko lan eskerga egin behar izan genuen; izan ere, 14 eta 16 ordu arteko jardun luzeak izan ziren. 735 metroko sormen lana atera zaigu: 16 luze, hain zuzen ere. Zailtasun teknikoei dagokienez, gehienez 7a/+ atera zaigu. Arrokaren kalitatea, gainera, aparta da». Bestalde, Urtasunek adierazi digu zabaltzeko moduari garrantzia eman nahi izan diotela: «Bide berrian zehar autobabesa nagusi da. Alabaina, luzeetan 14 parabolt eta 3 iltze jarri genituen. Eta beste 4 parabolt bileretan. Beste guztia garbi-garbi dago. Ezin da rappelatu, eta ihes egiteko aukera bakarra seigarren bileran dago; irandarren bideak duen IV. graduko bira batetik. Egunean ateratzeko azkar eskalatu behar da; 8-11 orduko eskalada eta beste 4-6 ordu hurbilketarako eta jaitsierarako aurreikusten dugu. Gurea paretaren hirugarren bidea da. Besteak: irandarrena (1995) eta Marko Prezeljena (2014)». ZAGROS Joan den urrian, Mikel Lazarok eta Alberto Urtasunek Lule Sakt-eko paretan (Iran) bide berria zabaldu zuten. 735 metro luze da, eta gehienez 7a/+ zailtasuna du.