Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Urgentea

Ez gara ari behar besteko lana eta indarra egiten: jendarte berdinzale batean biziko bagara, ez bihar, baina ezta ehun urte barru ere (Munduko Ekonomia Foroaren txosten batek berriki iragarri bezala), premiazkoa da bestelako gizontasuna sortzea, sustatzea eta hari bide ematea. Urgentea da, egungo gizonezko ahalik eta gehien eredu, etorkizunekoak deseroso sentitzea gizon izateko modu tradizionalarekin, eta inoiz ez sentitzea identifikatuta gizonkeriarekin, hankartean zintzilikario batekin jaio izanak nahitaez patu jakin batera kondenatuko balitu bezala, izateko eta sozializatzeko –haien artean ere– beste biderik ez balute bezala; ez, behintzat, burlara, bazterkeriara eta isolamendura zokoratuak izan barik, gutxiespenaren murru trinkoen barruan. Ez dezatela barneratu bat egin behar dutela, taldeko kide izateko, taldean onarpena eta miresmena ere erdiesteko, sexismoarekin: umorean, hizkeran, harreman pertsonal eta lanekoetan, etab. Ez dezatela sekula sentitu ingurukoak maitatzea eta arazo barik erakustea, haiek zaintzea, haiei denbora eta gogoa eskaintzea gertueneko emakumezkoen ardura denik, eta horretan ez dagoela inolako etekinik beraientzat.

Hala izan ez dadin, premiazkoa dugu lehen bait lehen datozen mutil gazteak ez haztea indarrarekin obsesionatuta, fisikoa eta emozionala; ez nahastea norberaren garaipenak besteren gaineko nagusikeriarekin eta besteren porrotarekin; ez sinestea nortasun-ezaugarriak eta sentimenduak sortzetiko generoak mugatuta datozela, ezin dutela hauskor agertu, negarra eta oinazea ezkutatu egin behar dituztela, haiengandik arlo guztietan arrakasta besterik ez dela espero: ekonomikoa, soziala, familiarra, afektiboa… gizon sendo eta perfektua, zein bere ingurunetxoan bada ere. Ez bizitzea txikitatik, neskatilak beste era batekoak barruan bezala, “halako gizona” izan beharreko presioak estututa.

Horretarako, urgentea dugu oso egungo gizon helduek, bereziki, pertsonok eta bizitzak nor mundu bat garela erakuts diezaieten, egungo gizon helduak askoz ere gehiago eta askoz ere irmoago, eta ikusgaiago, konprometitzea honetan guztian eduki baduten erantzukizunarekin, “emakumeen borrokarekin” bat egite hutsaz harago, geure arazoei dagokienez elkartasuna adierazte soilaz harago. Ondo, baina ez da nahikoa, ez eta bakarrik emakumeen erronka ere etorkizuneko belaunaldiei mundu hobea egiten erakustea. Eta, honetan guztian, ez gara behar besteko lana eta indarra egiten ari.