NOV. 14 2017 sokatira Baigorrik denboraldiko lehen txapela lortzeko prest dagoela erakutsi du J.L. Ez zen ezusterik izan, eta aurreikusten ziren talde guztiak izango dira Euskal Herriko Txapelketako aurtengo aurreneko finalean, Baigorri, Ibarra B, Ñapurrak, Txantrea, Ibarra A eta Getxo. 320ko ligaxkako azkeneko saioan Baigorri izan zen nagusi. Atzetik Ibarra A sailkatu zen eta hirugarren, Ñapurrak. Bi jardunaldiren ostean, Baigorri izan da onena 13 punturekin. Atzetik, Ñapurrak (11 p), Ibarra A (10 p), Ibarra B (9 p), Txantrea (7 p), Getxo (4 p) eta Seis Conceyos (2 p). Nafarroako Txapelketan gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia jokatu zen, eta Beti Gazte izan zen onena. Lesakakoek tiraldi guztiak irabazi zituzten. Bigarren sailkatu zen Berriozar, lehenengoekin galdu eta Antsoaini irabazita, eta azken hauek tiraldi guztiak galdu egin zituzten. 550 kiloko lehen jardunaldia ere jokatu zen, eta horretan mistoak dira taldeak. Beti Gazte izan zen hor ere onena, eta atzetik Berriozar A, Berriozar B, Antsoain B eta Antsoain A sailkatu ziren. Bizkaiko Goma Gaineko Txapelketako lehen jardunaldia ere jokatu zen, eta Gaztedi A atera zen garaile. Atzetik Gaztedi B, Sokarri, Abadiño A, Murueta A, Murueta B eta Abadiño B sailkatu ziren.