Bidea eginez
Peru Magdalenaren ipuin bildumaren izenburuari begiratu eta lehen inpresioa Pedro Calderon de la Barcaren “La vida es sueño”-rekin (1635, “Bizitza ametsa da”) gogoratzea izan da. Azken batean, biek ala biek, gaztelar letretako urrezko aroko antzezlanak zein durangarraren ipuinek, giza existentziaren gainean dihardute. Hala ere, alde nabarmena dago baten eta bestearen artean. Calderon de la Barcaren testuan Mendebaldeko filosofiaren garaiko doktrinen eragina antzeman daiteke: orori zentzua bilatu nahi eta ezinak sortzen duen frustrazioa; Magdalenak idatzitakoek, berriz, Ekialdeko zen filosofiaren ukitua dute: zeregin bakoitzari dagokion arreta eta denbora eskaintzean datzan bizimodu sinplearen aldeko aldarria azaltzen zaigu haietan. Zen esaera batek dioen bezala, «ibiltzerakoan ibili; jaterakoan jan». Edo Thich Nhat Hanh mojearen hitzetan, «irribarre egin, arnasa hartu eta astiro joan». Ametsa den ala ez galderarekin obsesionatu beharrean ametsondoari heltzea, alegia.
Bidearen eta bidaiaren irudiak erabiltzen ditu Magdalenaren ipuin bildumak giza existentziaren metafora gisa. Lehen testutik hasita, “Urratsak”, bidea egiteari berari ematen zaio garrantzia norabideari edo zergatiari erreparatu gabe. Bidea eramangarri ala nekagarri suertatzea bidean norberak bere buruari jartzen dion zamaren arabera izango da (“Poltsa bete”, “Flotadorea”). Badaezpada ere, “Ezer ez da ezereza baino hobea” sarreran ondoko aholkua ematen zaio bidegileari: «Motxila pisutsuekin ezin da bidaiatu».
Bidea egitea espazioan ez ezik denboran garatzen den jarduera da. Denbora modu linearrean ulertzea, hots, helmuga gisako kontzeptuekin lotzea –norabait edo zerbaitera iristearen helmuga– bidea egitearen filosofiari kontrajarria azaltzen zaigu “Ametsondoa”-ko testuetan. Askatasunaren zain egon, hura heldu eta harekin zer egin ez dakiela geratzen da “Askatasuna”-ko pertsonaia, askatasuna bidearen bukaera bezala ulertua zuelako eta ez bidea egitearen beraren parte. Ildo berean, heriotza ez da ezeren bukaera, «existitzen diren beste gauza guztien izate eta pisu bera» duen egoera baizik (“Heriotzarekin”) eta giza existentzia bera «denboraren gorputz kontinentalean urradura txiki bat da» (“Zauria”).
Zen filosofia bizitzaren esanahia zuzenean ulertzen saiatzen da pentsamendu logikoaren edo hizkuntzaren bitartekaritzarik gabe. “Ametsondoa”-n, ordea, literatura, idaztearen zein irakurtzearen prozesuek ahalbidetzen duten sormena, ez zaigu mundu naturalari kontrajarria agertzen; aitzitik, existentziaren parte da. “Liburu likidoa”-n liburu bat nola irakurtzen den galdetzen dio haurrak amari eta honek erantzuten dio, «Erreka bati begiratzen zaion moduan». Hizkuntza, literaturan, ez da bakarrik ni-aren eta errealitatearen arteko bitartekari (errealitatera gerturatzeko bitarteko edo medium), errealitatearen birsortzaile (remedium) baizik. Latinez sendabide, lagungarri, esanahi du remedium-ek. “Liburuaren irakaspenak ez ahaztu” testu sortan azaltzen diren maisuaren eta ikaslearen arteko solasaldiek ondo ilustratzen dute literaturaren funtzio lagungarri eta sendagarria: maisuak esaten dio ikasleari ulermena ez dela arrazoimen hutsez lortzen, eta guri, irakurleoi, literaturak sortutako errealitatearen bidez heltzen zaigu irakaspena. Zentzu horretan, “Bainaiz”-en egiten den adierazpenak –«Ni ere banaiz ni ez naizena»– biziduna eta ez-biziduna dena (objektu material zein ez-materialak) txertatzen ditu existentziaren barruan.
Ipuinak baino, gogoetak dira “Ametsondoa” bildumako testuak –gutxi batzuk landuago, oro har azalekoegiak gertatzen dira–.