Jon LEUNDA
Aizkora

Iker Vicentek bete egin ditu aurreikuspen guztiak

Otsagabiko gazteak irabazi zuen Nafarroako Lehen Mailako finala. Jon Rekondo eta Mieltxo Mindegiaizan zituen podiumean lagun. Doneztebeko pilotalekuan jokatu zen saioa, eta harmailak erabat bete ziren.

Aurreikuspen guztiak bete eta Iker Vicentek irabazi zuen atzo Donezteben jokatu zen Nafarroako Lehen Mailako finala, eta txapelari eutsi egin zion Otsagabiko gazteak. Amaieran bi minututik gorako aldea kendu zion bigarren sailkatu zen Jon Rekondori, eta lau minututik gora hirugarren sailkatu zen Mieltxo Mindegiari.

Kirolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Doneztebeko pilotalekuko harmailak leporaino bete ziren final hau ikusteko, eta gazte jende asko zen tartean, eta hori normaltzat har daiteke, finalista guztiak ere gazteak baitziren. Enborrak nahikoa zikinak atera ziren, eta aizkolariak nahiko kexu agertu ziren. Finalak orokorrean ez zuen izan emozio handiegirik, Iker Vicentek azkar hartu baitzuen aldea eta zulo hori handitzen joan zen, amaieran nahiko garaipen erosoa lortzeko. Borroka hori bigarren posturako izango zela ematen zuen, baina azkenerako hor ere tartea zabaldu zen eta Rekon- dok  ia bi minutuko tartea kendu zion Mindegiari.

Laugarren sailkatu zen Saralegi, eta Errazkingoak ez zuen zorterik izan, ez enborrekin, adar ugari izan zituelako, ez erremintekin, hiru puskatu baitzituen. Hala ere, laugarren postuan bukatu zuen, eta sailkapena Etxeberria gazteak itxi zuen, bere lehen finalean. Lan guztiak burutzeko, Vicentek 32 minutu eta 37 segundo behar izan zituen. Atzetik, Rekondo (35.15), Mindegia (36.48), Saralegi (38.44) eta Etxeberria (39.41) sailkatu ziren.

Finalaren amaieran, Luix Txapartegik desafioa bota zuen, Euskal Herriko Bigarren Mailan aurten aritu den edozeini bota zion, Ruben Saralegi kenduta. Euskal Herriko Lehen Mailako finaleko lanera jokatuko luke, eta azaroaren 23an Tolosako Kantabrikon egongo da aurkarien zain, 20.00etan. Lana lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko izango litzateke.