NOV. 20 2017 KIROL ESKALADA Patxi Usobiagak beste urrats bat egin berri du «Pachamama» bidearekin Hilaren 10ean, Olianako (Lleida) bide hori kateatu zuen; hots, zailtasunean inoiz egin duen marra zailena da. 9a+/b gradua du, eta zailtasun hori egiten lehen euskal eskalatzailea da. Usobiagak dio «Pachamama»-n borroka pertsonal berezia egin duela. Last update: NOV. 20 2017 - 06:25h Andoni ARABAOLAZA Patxi Usobiagak beste urrats bat egin du bere ibilbidean. Hilaren 10ean, Olianan (Lleida), “Pachamama” bidea (9a+/b) kateatu zuen; gradu hori lortzen duen lehen euskal eskalatzailea da. Era horretan, eibartarrak beste koska bat gainditzea erdietsi du. Gogora dezagun, kirol eskaladaren lehen lerroa 9a+ batekin utzi zuela. Eta oroitu behar dugu ere iragan martxoan “Papichulo”-rekin zailtasun horretara itzuli zela. Irakurleak, agian, esango du Usobiagak lorpen txiki bat baino ez duela lortu. Horregatik hurrengo lerrootan jorratuko dugun jarduera kokatu behar dugula uste dugu. Lehenik eta behin, aipatu behar dugu “Pachamama” Contrafort del Rumbau sektorean dagoen 50 metroko erresistentziako zein jarraitutasuneko marra bat dela. Lehen igoera 2009. urtean izan zen, Chris Sharma-rena, eta hark 9a+ gogorra zela esan zuen. Ondoren, bost errepikapen iritsi dira; azkena, lerrootako protagonistarena, eta denek diote “Pachamama” 9a+ eta 9b artean dagoela. Beraz, horiek guztiek adostu dute 9a+/b bezala jartzea dela egokiena. Baina arestian aipatu dugunez, Usobiaga eta “Pachamama”-ren artean istorio berezia dago. Bidea kateatu eta lurrera jaitsi bezain laster, eskalatzaileak ondorengoa adierazi zuen: «Nire alde batek ezin du sinetsi honen berri eman dezakedanik. Eta beste alde batek ezin du sinetsi marra hau egiteko hainbeste denbora behar izana. Baina, azkenean, borroka pertsonal honi amaiera eman diot. Bide hau inoiz egin dudan zailena da. ‘Pachamama’-ren inguruan bizi izan dudan prozesua oso interesgarria da. Hainbesteko estresa jasan ondoren, biharamuna oso lasaia izan da. Azken lau egunetan ondo egin dut lo, eta onartzen dut lasai nengoela. Horrekin esan nahi dut neure buruari beti entzuten jardun ostean, une perfektura ailegatu nintzela». Kateatze egunaren bezperan Usobiagak jakin bazekien oso eskura zuela. Onartu digu presiopean zegoela baina hura saihesten saiatu zela: «Baldintzek eragin handia dute. Horma hego isurira begira dago, eta, beraz, eguzkia ezkutatu arte itxaron behar duzu. Gainera, hilabete hotzenetan eguzkia ezkutatu eta ilundu arte ordubete eskaseko argia duzu. Eguzkia jaisten denean, eskuarki haizea gelditu eta hezetasuna areagotzen da. Nahiz eta gauez kopetako-argi batekin eskalatuz gero argi dagoen baldintzak ez direla hobetzen. Den-denak behar du zehatza izan». Usobiagak eskaladan zein entrenamenduetan duen eskarmentuari esker, jakin bazekien sasoia (erresistentzia eta indarra) ez zela bidea kateatzeko eragozpen garrantzitsuena izango. Eta horren inguruan azpimarratu du inoiz baino sasoikoago zegoela. Hau guztia aipatuta, eskalatzaile honek arestian aipatu dugun une aproposena noiz iritsiko zain egotea besterik ez zeukan: «Azken hilabetean, arratsaldez egiten nituen saioetan hirutik batera pasatu nintzen; egundoko beroa (30°) egiten zuen. Hala eta guztiz ere, baldintza horiek baino garrantzi handiagoa izan du burua bere tokian izateak. Saio batzuetan oso gertu egon nintzen, baina, bide batez, neure buruak gogorarazten zidan duela urte batzuk bide horretan min hartu eta ‘atsedenaldi’ behartua eskatu zidala». Borrokaren emaitza Bai, Usobiagarentzat zaila da bide horretan bizi izan zuena ez gogoratzea. Lehen aldiz duela zortzi urte probatu zuen; hain zuzen ere, nazioarteko lehietan lehen lerroan zegoenean. Oin batentzako heldulekua puskatu, erori eta sorbalda dislokatu zitzaion: «Beste ekinaldi bat egin nuen, baina mina areagotu zen. Fisioterapeuta batengana joan nintzen; izan ere, Munduko Kopa amaitzeko bi hitzordu nituen; sailkapenean lehen eta bigarren egon nintzen. Munduko Kopa irabazteko Adam Ondrarekin nor baino nor jardun nuen. Zoritxarrez, nire sorbalda ez zegoen batere ondo, eta, azkenean, Adamek irabazi egin zidan. Erresonantzia magnetiko bat egin ondoren, operatu egin ninduten. Horretaz gain, osatzen ari nintzela auto istripu bat izan nuen. Ondorio horiengatik, eskalada betiko utziko nuela pentsatu nuen. Argi nuen ‘Pachamama’ bezalako erronkak betiko baztertu behar izango nituela. Esan zidaten muturreko zailtasunean ez nintzela berriro ibiliko, baina ez da hala izan». Usobiagak bizi behar izan zuena 2009. urtean izan zen. “Atsedenaldi” luzea hartu zuen, baina azken urteotan ilusioa berreskuratu, entrenatu eta maila altura heldu da. “Pachamama”-ri buruz, protagonistak adierazi du berriro udaberrian probatzen hasi zela: «‘Papichulo’ egin nuenean, ‘Pachamama’ kateatzeko gero eta aukera gehiago nituen; obsesio bihurtu zen. Udan ez nintzen itzuli; bai, ordea, udazken honetan. Buruhauste handiena dinamiko batek eman dit, besteak beste, oso aleatorioa delako. Kateatze egunean, saio bat egin eta atseden hartzera jaitsi nintzen. Berriro soka gerrira lotu, dinamikoa gainditu eta aurrera jarraitu nuen. Iluntzen ari zen, eta hezetasun handia zegoen. Banekien nire azken aukera zela. Urduritzen hasi nintzen, oinak gaizki jarri nituen, erorikoa hor zegoen… Baina borrokatzen jarraitu eta katera heldu nintzen». Usobiagak “Pachamama” patrikan zuen. Bere ibilbidean egin duen bide zailena izan da; betiere zailtasunari begiratzen badiogu. Baina eskalatzaileak berak hori baino Olianako marra horretan izan duen prozesua azpimarratu nahi izan du. Hau da bere azken hausnarketa: «‘Papichulo’ egin nuenean, berriro ere 9a+ gradura itzuli nintzen. Baina ‘Pachamama’ istorio pertsonal bat izan da. Kontua ez da soilik zailtasunean beste urrats bat egin dudala, baizik eta inoiz bizi ez dudan egoera berezi bat bizi izan dudala. Beste gauza batzuen gainetik, ohartu naiz denboraren poderioz mugak gainditu daitezkeela. Zoritxarrez, geure mugak markatzen ditugu».