Jon LEUNDA
Aizkora

Joseba Otaegik aurrera egin du Jon Irazuren kontura

Amaieran bi minutu pasako aldea egon zen Zizurkilgo bi aizkolarien arteko norgehiagokan.

Joseba Otaegik mendean hartu zuen atzo Zizurkilen Jon Irazu, eta berak irabazi zuen bi zizurkildarren arteko dema. Otaegik Urrezko Aizkorako Kopako final-laurdenak jokatuko ditu, eta Jon Irazuk, berriz, etxerako bidea hartu beharko du.

Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Otaegi hasieratik bukaerara izan zen nagusi. Lehen 45 ontzakoa 52 segundoan bota zuen, eta 10 segundoko aldea atera zion Irazuri. Hortik aurrera Joseba bidea egiten joan zen, eta apurka-apurka aldeak ateratzen joan zen. Lan erdiak izaten dira berezko erreferentzia garbia, eta hor Joseba Otaegik minutu bat eta bi segundoko aldea ateratzen zion Jon Irazuri.

Hala ere, bigarren zati osoa geratzen zen, eta geratzen ziren enbor guztiak kana-erdikoak ziren. Hala ere, ordura arte ikusitakoaren arabera, Otaegik irabaziko zuela ematen zuen, eta ez zuen hutsik egin, aurreneko zatian zuen aldea handitu egin baitzuen bigarren zatian, eta amaieran bi minututik gorako zuloa egitea lortu zuen Joseba Otaegik.

Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Joseba Otaegik behar izan zituen denborak: 0.52, 2.08, 3.39, 5.46, 7.47, 9.37, 11.33, 13.51, 16.01, 18.35, 21.12, eta 23.58.

Enborrez enbor, berriz, honako hauek izan ziren Jon Irazuren denborak: 1.02, 1.27, 4.14, 6.35, 8.42, 10.39, 12.51, 15.17, 18.00, 20.46, 23.31 eta 26.06.

Behin final-zortzirenak amaituta, final-laurdenen txanda iritsiko da, eta datorren asteburuan finalerdietan izango diren bi aizkolari ezagutuko dira. Larunbatean, Urrestillako pilotalekuan, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo neurtuko dira, eta horko irabazleetako bat finalerdietan izango da.

Finalaren atarikoan izango den beste bat, igandean ezagutuko da, Bilbon, Amezolan, Joseba Otaegi eta Mieltxo Mindegia izango baitira aurrez aurre. Kontuan izan behar da, finala urteko azkeneko egunean jokatuko dela Asteasuko pilotalekuan, eta datozen asteetan final-laurdenetako eta finalerdietako kanporaketa guztiak jokatu beharko dira. Apurka-apurka joango dira sartzen ere Aitzol Atutxa eta Iker Vicente, lehiaketa hau irabazteko bi faboritoak. Hemendik aurrera izango da lehiaketaren unerik politena.