GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Urrestillan abiatuko dira Urrezko Kopako finalerdiak

Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo neurtuko dira gaur Txikuri pilotalekuan 17.00etan hasita. Bihar, berriz,Bilboko Amezolan Mieltxo Mindegia eta Joseba Otaegi izango dira aurrez aurre, 12.00etatik aurrera.


Urrezko Aizkorako Kopako aurreneko finalerdiak jokatuko dira asteburu honetan. Aurrenekoa gaur bertan jokatuko da Urrestillan, eta bigarrena, berriz, bihar izango da, Bilbon.

Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatuko da lehenengo kanporaketa, eta gaur izango da 17.00etan hasita. Bertan aurrez aurre izango dira Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo. Kanporaketa oso erakargarria izango da, eta kasu honetan Larrañaga izango da etxean arituko dena. Azpeitiarrak denboraldi oso ona egin du, eta azkeneko lan handia Euskal Herriko Txapelketan egin zuen, han hirugarren postuan geratu baitzen. Jon Rekondo ere ongi dabil, nahiz eta bere arantza Euskal Herriko Txapelketan sartu zuen, ez baitzuen finalean sartzea lortu. Hala ere, geroztik oso ongi dabil, eta pasa den ostiralean ere bigarren amaitu zuen Nafarroako Lehen Mailako finalean.

Bilboko Amezolan, berriz, bihar 12.00etatik aurrera jokatuko da bigarren finalerdia, eta bertan Mieltxo Mindegia eta Joseba Otaegi neurtuko dira. Kanporaketa hau ere polita iragartzen da, baina kasu honetan Joseba Otaegi izango da irabazteko faboritoa. Zizurkildarrak aise menderatu zuen pasa den igandean Jon Irazu, eta finalerdietan izateko ere bera izango da hautagai nagusia.

Mieltxo Mindegia ere ongi dabil, eta lana ez da txarra beretzat eta saiatuko da gipuzkoarra estutu eta ezustea ematen. Biek ere saria potoloa dute, behin finalerdietan sartuta, finaletik oso gertu geratzen baitira, eta horixe izango da bi kanporaketa hauetako helburua.

Bi saioetan egin beharreko lana ez da batere aldatu final-zortzirenetan izan zutenarekin, eta lan bera egin beharko dute. Bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta alde horretatik ez dute lan luzea izango. Deskuidu gutxi izatea ere oso garrantzitsua izaten da honelako lanetan, tarteak ez baitira handiak izaten.