J.L.
sokatira

Faboritoek gainerakoei ez diete inongo aukerarik ematen

Berriozarren jokatu dira Euskal Herriko Lauko Txapelketako jardunaldiak, eta asteburu honetan neskak eta mutilak izan dira lanean.

Emakumezkoak 260ko mailan aritu ziren. Nesketan azkeneko urte hauetan oso talde gutxi izan dira, eta askotan hiru bakarrik ere bai, baina oraingoan hamar talde daude, eta hori oso berri ona da.

Ligaxkako lehen saioa jokatu zen Berriozarren, eta aurreneko multzoan lehia handia izan zuten Ibarra A eta Badaiotz taldeek. Gainerako talde guztiak mendean hartu eta euren artean berdindu egin zuten. Atzetik, berriz, Beti Gazte, Txantrea B eta Antsoain sailkatu ziren.

Beste multzoan, berriz, Txantrea izan zen nagusi. Lan bikaina egin zuten nafarrek, eta garaipen bikaina lortu zuten. Atzetik, Berriozar, Ibarra B, Bizindar eta Uztaritze izan ziren sailkatu zirenak. Hurrengo astean jokatuko dute bigarren jardunaldia, eta ondoren multzo bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek egingo dute finalerako bidea.

Mutilak 300 kiloko mailan aritu ziren, eta hor Beti Gazte taldea nagusitu zen A multzoan. Lesakakoek argi eta garbi utzi zuten txapela lortzeko ere faboritoak direla. Atzetik, Baigorri, Sokarri, Ibarra, Txantrea, Berriozar eta Getxo sailkatu ziren.

Bigarren multzoan, Ñapurrak A gailendu zen, eta Ezpeletako taldeko tiralariek ere txapela lortzetik gertu ibil daitezkeela erakutsi zuten. Atzetik, Berriozar, Ibarra, Txantrea, Murueta, Antsoain eta Uztaritze sailkatu ziren. Maila honetan ere bi jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute, eta horren ostean bakoitzeko hiru onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela.