NOV. 29 2017 Entrenatzaileak Emakumeak salbuespen emakumezkoen futbolean Gurutze Fernandez eta Maria Pry dira emakume bakarrak 1. Mailako eta 2. Mailako II. multzoko aulkietan. Last update: NOV. 29 2017 - 06:18h Amaia U. LASAGABASTER UEFAk plazaratu berri duen urteroko azterlanak dioenez, Europan 14 selekzio baino ez dituzte emakumeek zuzentzen –denak emakumezkoenak–. Klubei dagokienez, alde handiak daude txapelketen artean, baina egoera ez da askoz samurragoa. Lehen Mailan, esaterako, Maria Pry Betiseko entrenatzailea da ardura hori daukan bakarra. Gehiago gerturatu eta 2. mailako II. multzoari begiratuta, irudia antzekoa da: hamalau aulkietatik bakarrean da emakume bat nagusi, Oiartzungo Gurutze Fernandez. «Ez nau harritzen, agian betidanik ezagutu dudan errealitatea delako –onartzen du jokalari ohiak–. Kanpotik ikusita deigarria izan daiteke, gero eta jokalari gehiago egonda, entrenatzaile titulua ere badutenak, hain gutxi ikustea aulkietan, baina ‘ohiturak’ oso poliki aldatzen dira. Futbolean eta gizartean oro har, badaude beste lanbide asko oraindik ‘maskulinotzat’ hartzen direnak, eta ia emakumezkorik ez dago horietan». UEFAren azterlanari jarraituz, Europan 20.000 emakume entrenatzaile tituludun daude, baina horietatik 736k baino ez dituzte UEFA A eta UEFA Pro lizentziak. Hausnarketa bikoitza egin daiteke. Baikortasunez begiratuta, emakumeek bide horri azkenaldi honetan ekin diotela pentsa daiteke eta egun piramidearen oinarrian gehiago badaude ere, urteak aurrera joan ahala maila desberdinen arteko oreka handiagoa izango dela. Ezkortasunera joz, berriz, hainbeste kasutan goiz erretiratzen diren jokalariei gertatzen zaien bezala, etorkizun aukera eskasek ez dute animatzen formazioarekin aurrera jarraitzera. «Neuk ere argi daukat ezin izango dudala honetaz bizi», onartzen du Fernandezek. Emakumeek ibili behar duten bidea, gainera, gogorragoa da. Fernandezek adibide hurbila dauka. «Levanteko bi lagunek UEFA Pro lizentzia atera zuten eta oso gogorra izan zen beraientzat, lana utzi behar izaten zutelako Madrilera joateko ikastaroak eta abar egitera, adibidez. Ikaskide gehienak gizonak ziren, futbolari ohiak, diru asko irabazi eta lan egin barik egotea badaukatenak, ikasketa hauek egin ahal izateko. Emakumeok ezin dugu horrelakorik egin». Emakumeen presentzia aulkietan bultzatzeko neurriei buruz hitz egitean, urretxuarrak nahiago du laguntzetara edo lan pedagogikora jotzea, obligazioetara baino. Adibidetzat jarri du Lehen Mailako epaile guztiak emakumeak izatera behartzen duen araua. «Epaileak berdintasunean hezi behar dira eta gero Lehen Mailara onenak heldu behar dira. Emakumea izateagatik bakarrik igo, eta akats asko egiten baditu epaile batentzako beharrezkoa den maila ez duelako, azkenean kaltegarria izan daitekeela uste dut, irudi hori zabalduko litzatekeelako». Gauza bera uste du entrenatzaileei dagokienez. «Formakuntzan laguntzea ondo dago, bidea nolabait erraztu. Hortik aurrera... Kopuru minimo batzuk ezartzea staffetan? Baliteke. Entrenatzaileak emakumeak izatera derrigortzea ez zait ondo iruditzen; azken batean, onena aukeratu behar duzu, emakume ala gizona. Baina horretarako emakumeei aukera eman behar zaie, bestela ezin dutelako euren balioa demostratu». Horregatik, bere ustetan, «mentalitate aldaketa da bultzatu behar dena». Azken batean, «hasieratik hasi, gero aurrera egiteko». «Gure lehen helburua lortzen ari gara» Klubaren beheko mailetan hiru urte eman ondoren, Oiartzunen lehen taldeko aulkira heldu da aurten Gurutze Fernandez. Esperientzia «ezin hobea». «Oso pozik nago. Erronka polita da eta disfrutatzen ari naiz. Ikasten ere bai», onartzen du, aldagelan ezagunez gain, lagunak ere badauzka-eta. «Ikasi behar da rolak desberdintzen. Baina lana asko errazten didate, oso talde ona da». Hasiera kaskarra gainditu ondoren, emaitzak ere positiboak izaten ari dira eta, denboraldiaren lehen herena betetzear dagoela, gipuzkoarrak euren helburua betetzen ari dira. «Hasieratik esan genuena. Iazkoa oso denboraldi gogorra izan zen eta talde gogorra, finkoa, ona lortzea nahi genuen, futbolarekin berriro disfrutatu eta gozatzeko. Eta egia da dinamika onean sartu garela». Hortik aurrera, auskalo. «Txapelketa oso polita dago, oso lehiatuta. Lasaitasunez jarraitzen dugu eta ikusiko dugu nora eramaten gaituen gure lanak». A.U.L. Astea Jardunaldia. Inoiz baino goizago hasiko da 11. jardunaldia. Larunbateko 10.15ean neurtuko dira Lezaman Athletic eta Rayo (BeIn la Liga). Gonzalo Arkonadak larunbatean izango du estreina Realaren aulkian. Zuri-urdinek Zaragozaren aurka jokatuko dute Zubietan (18.30). Lagunartekoa. Nafarroako eta Kataluniako selekzioek lagunartekoa jokatuko dute Sadarren abenduaren 22an. Bigarren maila. Garaipen dotorea lortu zuen Athletic B-ek Eibarren (1-6). EDF-k ere Padrejon goleatu zuenez (5-0), errioxarrek lidergoa indartu dute. 28 puntu dituzte; 25, berriz, euren atzean dauden Athleticek eta Eibarrek. Gazteak. 5 euskaldun daude FutbolDraftaren finalisten artean: Mariasun Quiñones, Amaia Peña, Sheila Elorza, Maite Oroz eta Nahikari Garcia. Bea Beltran eta Paula Soldevila Realeko jokalariak ere heldu dira azken kanporaketara. Irabazleak abenduan jakinaraziko dituzte. Champions. Bartzelonak egin beharko dio aurre txapeldunari martxoan jokatuko diren final-laurdenetan. Katalanak Olympiquen aurka arituko dira. Koadroaren alde berberean Manchester Cityk eta Linkopingek jokatuko dute. Beste aldean, berriz, Montpellier-Chelsea eta Wolfsburgo-Slavia izango dira kanporaketak. Soldatak. Frantziako Ligan ordaintzen dira soldata onenak emakumezkoen futbolean, Alemania, Ingalaterra eta AEBen txapelketen aurretik. Zazpi Liga handienen (aurreko laurak, Suedia, Australia eta Mexiko) jokalari guztien artean, Neymar PSGn aurten irabazten ari den adina diru kobratuko dute, 36 euro milioi inguru. Danimarka. Jokalarien aldarrikapenak emaitza lortu du. Hurrengo lau urteetarako akordioa adostu dute Danimarkako Federazioak eta futbolariek euren lan baldintzen gainean. Mexiko. Joaneko emaitzari buelta eman, 3-0 Pachuca gainditu eta Mexikoko lehen Liga irabazi du Chivasek. 32.000 ikusle bildu ziren zelaian finala ikusteko.