Finalerdiei begira lehiatuko dira Mugertza eta Saralegi
Elgetan jokatuko dute gaur final-laurdenetako azkeneko kanporaketa.
Urrezko Aizkorako Kopako final-laurdenetako azkeneko kanporaketa jokatuko da gaur Elgetako pilotalekuan. Norgehiagoka 19.30ean hasiko da, eta bertan Ugaitz Mugertza eta Ruben Saralegi lehiatuko dira.
Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Bi aizkolari gazteren arteko neurketa hau oso polita aurreikusten da. Ustez Mugertza da faboritoa. Mutrikuarrak aurten ere Lehen Mailako Euskal Herriko Txapelketa jokatu du, baina ordutik ez da lehiaketa ofizialetan jardun.
Ruben Saralegi, aldiz, jadanik kanporaketa batzuk jokatuta dator, baita Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela irabazita ere. Ondorioz, saio polita izango dela dirudi, eta emozio handikoa. Irabazten duenak finalerdiak jokatuko ditu Iñaki Azurmendiren aurka, eta galtzen duenak, berriz, etxerako bidea hartu beharko du.
Baina gaur arratsaldean Elgetara doanak ez du aizkora bakarrik ikusiko, harri-jasotzaileen Gabonetako Kopako kanporaketa ere bertan izango baita. Goikoetxe eta Peñagarikano lehiatuko dira, eta bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili beharko ditu, eta harri bakoitzarekin bina minutuko txandak izango dituzte. Harri bakoitza 100 kilokoa izango da. Neurketa honek ere ikusmina piztu du. Irabazleak aurrera egingo du eta galtzen duena lehiaketatik kanpo geratuko da.
Apustua
Asteburuko zitarik garrantzitsuena, berriz, bihar jokatuko da Azpeitiko zezen-plazan, bertan neurtuko baitira Arria V.a eta Xabier Zaldua. Bakoitzak 10 kana-erdiko erdibitu beharko ditu eta ondoren 10 kilometro egin beharko ditu korrikan. Saioa 12.00etatik aurrera izango da. Enborrak Zalduak plazaratuko ditu, eta alde bakoitzak 4.000 euro jokatuko ditu. Norgehiagoka ikusteko, 30 euroren truke erosi ahal izango dira sarrerak.
Ez da bi kirolari hauek neurtzen diren lehenengo aldia. Lehen ere elkarren aurka arituak dira, baina orduan lana ezberdina zen. Bakoitzak 20 kana-erdiko eta ondoren 8 kilometro egin zituzten korrikan. Desafio hura Tolosan jokatu zen, eta Arria V.ak irabazi zuen. Apustu hura eta bihar jokatuko dutena oso ezberdinak dira, eta erreferentziak hartzeko ere ez dute balio handirik, bi aizkolariek onartu duten bezalaxe.