J.L.
Berezkoak

Bilbaok ez du iazko hutsik errepikatu nahi

Berezkoen Superprestigioan bigarren kanporaketak jokatuko dira gaur arratsaldean Donibane Garaziko Garat trinketean 15.00etatik aurrera.

Lehen partida jokatuko dutenak Ximun Lanbert eta Monze izango dira. Eskarmentua eta gaztetasuna izango dira aurrez aurre. Dirua ere pare samarrean egongo da, neurketa honetan ez baitago faborito garbirik. Monzek primeran ezagutzen du Nafarroa Behereko hiriburuko trinketa, hortxe hazi eta hezitakoa delako, eta horrek agian abantaila txiki bat eman liezaioke, baina Lanbertek eskarmentu handia dauka, eta etsitzen ez duen pilotari horietakoa da, gainera. Kanporaketa hau irabazten duenak Gixanduten aurka jokatu beharko du hurrengo kanporaketan, datorren astelehenean.

Beste norgehiagokan Bilbao eta Darmendrail lehiatuko dira. Azken hau profesionalen mundura heldu berria da, eta zaila izango du gaurko neurketa hau irabaztea. Beretzat aurreneko lehiaketa handia izango da, eta galtzeko gutxi eramango du, eta irabazteko, berriz, asko. Hala ere, antolatzaileek eman diote aukera baliatu nahiko du duen maila erakusteko.

Bilbao pasa den urtean inork uste baino lehenago joan zen kalera Superprestigioan, irabazteko faboritoen zerrendan baitzegoen, eta aurtengoan ez du ezusterik nahi. Berezkoetan berria izateaz gain, Darmendrail da lehiaketa honetako pilotaririk gazteena, 21 urterekin, eta gaur Bilbao bezalako pilotari bat kanpoan uztea lortzen baldin badu, ezuste ikaragarria izango lizateke. Hala ere, dirua nabarmen aterako da Bilbaoren alde.

Kanporaketa hau gainditzea lortzen duen pilotariak, hurrengo kanporaketa Etxegarairen aurka jokatu beharko du datorren astelehenean.