Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Konplize

Irakurtzen ari naizen eleberri xurgatzailean, “A Season in Purgatory” (bolada bat purgatorioan), sakoneko gaia konplizitatea da. Konplizitate gutxi gorabehera makurragoa: borondatezkoa, zure maiteak zuritzearren edo ezer ez edo edozer egitera bultzatzen zaituena; koldarra, barrenean harra, insomnioa eta tortura psikologiko hutsa eragin arren, kanpotik irri eta mirri eta txalo ere eginarazten dizuna; ustela, zerbait irabazten ari zarelako edo etorkizunean nolabaiteko etekina ekarriko dizulako, fidel-fidel jorratzen duzuna; kolektiboa, boluntarioek, koldarrek eta ustelek besterik egin ezin balitz bezala landatzen, hazten eta zaintzen dutena.

Gaixo jartzen nau, pertsonaiei garrasika hasteko gogoraino gaixo, eta zer behar ote dut nik gauero horrela lokartzeko, baina nobela onek horixe dute: fikziozko istorioek eta pertsonaiek ezinbestean zeure burua, zeure ingurua, zeure errealitatea ekartzen dizute gogora, eta hain egiten zaizkizu ezagunak, hainbeste elkarrizketa, irudi eta une gogoratzen dizute… non zeurean miatu, aztertu, sarriegi onartu eta beti hazi besterik ez zaizun geratzen, apur bat gehiago hazi. Bizitzan aurrera, pertsona gisa grina-mota hori, hein handi batean kondena samarra ere badena, duten horietakoa baldin bazara, behintzat.

Konplizez ─gaizkidez─ beteta dago mundua, maltzurren eta ankerren eta ustelen eta hipokriten eta zinikoen eta esparru guztietan ezarritako estatusak ez daitezen milimetro bat mugitu borrokatzen direnen konplizeez, injustiziaren konplizeez. Egunero ikusten dut, eta, ez dizut astelehena izorratu nahi, baina ziur zeuk ere ikusten duzula, eta ez egon horren ziur zu ez zarela haietako bat (agian, baita neu ere). Ez pentsatu eskala handian, baina egizu txikian: zenbat aldiz ez duzu ahoa irekitzen gertukoren bat babesteagatik, edo, behinik behin, ergel gisa agerian ez uzteagatik; zenbat irri eta mirri egiten dituzu zure integritatea arrakalatu bitartean, benetan gaizki sentitzen ari zarela; zenbat aldiz ez duzu pentsatzen «ahotsa altxatzeak ez dit onurarik ekarriko, niri neuri», nahiz eta besteren kalterako, eta horren araberako jokabidea hautatzen eta gauzatzen duzu… Orain, pentsatu zeure jendartean: harritzen al zaitu hain eskizofrenikoa izateak?

Bide batez, irakurtzen ari naizen eleberriak lasai asko lapur ziezaiokeen izenburua “Millenium” saga sonatuko lehen liburuari, zera dioenari: emakumeak gorrotatzen dituzten gizonak.