DEC. 05 2017 ABENDUAREN 9KO MOBILIZAZ Euri-zipirtek espetxeko horma iragazkortu dute Bakegintza dela-eta gizartearen eta erakundeetako ordezkarien arteko «kidetasunaz» asko hitz egin da. Izan ere, presoak konponbidearen aldeko eragile direla adieraztea ez da hain ohikoa. Halakoak esan eta entzun ziren Baionan dozenaka hautetsik eginiko agerraldian. Last update: DEC. 05 2017 - 06:43h Maite UBIRIA BEAUMONT Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko dozenaka hautetsik iragan larunbatean Baionan eginiko agerraldiak abenduaren 9an Parisen izanen den mobilizazioari begira tenperatura igo du. Dela ETAren zuloak hutsarazteko dela euskal presoei ezartzen zaien ezohiko espetxe politika bertan behera uzteko gizartearen eta hautetsien arteko «kidetasunaz» luze eta zabal mintzatu da. Alta, gutxiago hitz egin da espetxeetatik prozesuari berari eginiko ekarpenaz. Erpin horrek duen garrantzia nabarmentzeko arrazoiak falta ez direnez, horretaz mintzatzeko unea heldu dela baliatu dezagun. Euskal Elkargoko lehendakari den Jean-Rene Etchegarayk Baionako Elkarteen Etxean eginiko adierazpenak aukera ezin hobea ematen du, gainera. EPPK bake prozesuaren alde dagoela adierazi zuen Baionako auzapezak eta, are, «horren alde jokatzen du». Bere esamoldeari jarraikiz, «ez gehiago baina, batez ere, ez gutxiago», horixe esan zuen Etchegarayk. Larunbateko agerraldia aberasgarria izan zen, baina, batez ere mila hautetsi eta gehiagok hilaren 9ko deialdiari emandako sostenguak hartu zuen arreta nagusia. Guztiz logikoa zen. 2016ko abenduaren 16an bost bakegile aitzindari horiek atzeman zituztenean 650 hautetsik eman zuten Luhusokoak babesteko urratsa. Apirilaren 8tik zortzi hilabete igaro direnean, 1.007 hautetsik barneratu dute bake prozesua aitzinera eramateko ezinbestekoa dela ezohiko espetxe politika aldaraztea. Presoen aldeko ekimenak «euskal prozesuaren bultzada berri bat» ekarriko duela sinetsita agertu zen Les Republicains alderdiko Max Brisson senataria. Haren aitzinetik hitza hartu zuen Vincent Bru diputatu zentristak, bestalde, berriki bisitatu duen Lannemezaneko kartzelan dauden bi presoen egoera ekarri zuen gogora, beraien izena eman gabe. «Nola azaldu daiteke bertan dagoen euskal herritar bat [Txistor Haranburu] 28 urtetan preso atxikitzea?», itaun egin zuen, lehenik; jarraian honako galdera hau bota zuen: «Nola azaldu daiteke esklerosi anizkoitza duen beste preso batek [Ibon Fernandez Iradi] oraindik kartzelan segitzea? Agerraldiaren bezperan, GARArekin izandako elkarrizketan Bake Bideako lehendakari Anaiz Funosasek presoek Parisko manifestazioari eginiko «ekarpen garrantzitsua» nabarmendu zuen. «Orain arte ez dugu gehiegi aipatu, baina ahalik eta jende gehienak Parisera etortzeko aukera izan dezan bisitak jasotzeari uko eginen diote presoek, eta benetan eskertzekoa da keinua», azaldu zuen. Aurten bere zuzendaritza eta bitartekaritza berritu dituen EEPK-k buruturiko hausnarketaren harira zabaldu txostena berriz irakurrita hobeki ulertzen da eragile horiek esandakoa. Askapen prozesua ardatz hartuta, «preso politikoak Euskal Herriko eragileek bultzatutako ekimenen babesle, laguntzaile eta lankide» izango zirela adierazi zuen orduan EPPK-k. Etchegarayk larunbatean zabaldu mezuak –baita agertu begiruneak ere– aditzera ematen du gizarte eragileen eta hautetsien arteko elkarlanak Parisko botere-bihotzeraino heltzeko ez ezik, espetxeetako harresiak iragazkortzeko gaitasuna baduela. Egiari zor, oraingoz ezin esan, bada, ez gehiago baina, batez ere, ez gutxiago. 28 urte kartzelandaraman preso bat eta esklerosi anizkoitzaduen beste batgogoan izan zituen Macronengehiengoarenkide den Vincent Bruparlamentariak