Haritz LARRAÑAGA
Donibane Lohizune

Higiezinen enpresa batek egin duen «jukutria» salatu dute EH Bai-k eta Aitzinak

Donibane Lohizuneko herritarrentzat liratekeen 9 etxebizitza sozialen eraikitzea ekiditeko, «Frederic Oraur enpresaburuak egindako azpijokoa» argitara eman, eta salaketa egin zuten EH Baik eta Aitzinak.

Baionako higiezinen sustatzaile batek Donibane Lohizunen 27 etxebizitza eraikitzeko burutu duen «jukutria asaldagarria» salatu zuten pasa den larunbatean EH Baiko eta Aitzinako kideek. Jada amaitzear diren eraikinetan afixak ezarri eta beraien ustez Frederic Oraur IFO enpresako buruak egindako iruzurra biluzten duten frogak biltzen dituen txostena aurkeztu zuten.

Abertzaleen iritziz, «hemen 27 etxebizitza izanen ditugu eta haien artean heren bat etxebizitza sozialak izan beharko lirateke». Aipatu proiektuaren sustatzaileek Donibane Lohizuneko biztanleentzat izan beharko luketen 9 etxebizitza sozial bizileku pribatu gisa eraiki dituztela ohartarazi, eta ondorioz, «eraikitako etxebizitzak jende gehienarentzat eskuraezinak» direla denuntziatu zuten bi eragileetako ordezkariek.

Hiru enpresa, onuradun bat

Donibane Lohizuneko sendi batek hiru partzelatan banatutako 4.000 metro karratuko lursaila jarri zuen salmentan. Hiru partzelak erosi eta bertan etxebizitzak eraikitzeko hiru proiektu desberdin aurkeztu ziren, baina eragile abertzaleek honen guztiaren atzean iruzur egin duen promotore bat dagoela argitu zuten. Izan ere, Donibane Lohizuneko Udalak aplikatzen duen PLU (tokiko hirigintza plana) egitasmoaren arabera, 10 etxebizitza baina gehiagoko proiektuetan, eraikinen %30 etxebizitza sozialak izan behar dira.

Gauzak horrela, Frederic Orard, IFO enpresako zuzendariak, araudi honi iskin egiteko azpijoko bat egin duela salatu zuten larunbatean EH Bai eta Aitzinak. Amarruaren funtsa, hamar etxebizitzako muga gaindituko lukeen proiektu bakar bat aurkeztu beharrean, hamar etxebizitza baino gutxiago eraikitzeko hiru proiektu desberdin aurkeztean legoke.

IFO enpresak 10 etxebizitza eraikitzeko proiektu bat aurkeztu zuen 2014ko apirilean, eta egun berean, SARL Nikolo enpresak, beste partzela batean 8 etxebizitza eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Bi proiektuak 10 etxebizitzen muga gainditzen ez zutenez, ez zen etxebizitza sozialik eraikitzeko beharrik lizentzietan.

Erdeko izeneko hirugarren sozietate batek, hirugarren partzela erdietsi zuen, 8 etxebizitza egin eta aparteko etxe bat berritzeko. Enpresa horretako gerentea Frederic Orard da eta SARL Nikolorekin harreman zuzena du. Beraz, hiru partzeletan, hiru enpresa desberdinek aurkeztutako hiru proiektuen atzean, onuradun bakar bat dagoela azaleratu zuten EH Bai eta Aitzinak, alegia, Frederic Orard.

Hiru proiektuen batura eginda, guztira 27 etxebizitza lirateke egin beharrekoak. Hortaz tokiko hirigintza planak ezartzen duen %30a kontuan izanda, 9 etxebizitza sozial eraiki beharko liratekeela oroitarazten dute EH Baiko eta Aitzinako kideek.