Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Zuk hazia erein, zeinek fruitua hartu?

Zenbatetan entzun dugu hazia ereinez jasotzen dela fruitua? Hori bai, esaldi horretan subjektua nahiko aldakorra izan ohi da. Gaur egun, normalena dela esango nuke. Batek hazia erein, eta beste batek fruitu hori jasotzea.

Eta Katalunian, abenduaren 21eko hauteskundeetan, halako zerbait gerta liteke. Inork ez du atsegin beste norbaitek gure lana baliatzea fruituak lortzeko. Eta hau da CUPi zita horretan gerta dakiokeena. Inkestek diote ez dituela 2015eko emaitzak errepikatuko eta 10 diputatu horietara ez dela iritsiko. Alderdi subiranistak beti azpimarratu du ez duela jomuga boto pilaketa. Kalean eragitea baizik. Eta fruitu hau bai jaso du. 2012an sartu zen lehen aldiz Parlamentuan, eztabaida luze baten ostean, erabakitze eskubide eta independentzia prozesuan beste tresna bat bezala erabiltzeko asmoz. Eta baita lortu ere.

Ikustea baino ez dago diskurtsoak nola garatu diren Katalunian eta eztabaida zein terminotan kokatu den. Eredugarria iruditu zait azken bi urteetako legealdian CUPek jokatutako papera, koherentzia handia mantenduz fruitu handi hori lortzeko lanetan.

Hala ere, hori ez da hauteskunde emaitzetan islatuko, antza. Prozesu honetan, ez CUPek bakarrik, baizik eta ERCk eta Junts pel Si-k ere nire konfiantza irabazi dute. Une askotan errusiar mendi batean sentitu gara. Dena irabazita edo dena galduta zegoen sentsazioarekin. Eta, aldiz, askok sinesten ez genuen ataletara iritsi dira. Haziak hezten jarraitzeko unea da. Baten batek fruitua hartuko du-eta. Eta guk? Fruiturik hartuko dugu?