Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Etorkizunaren iragana

Zipitzik ez dakigunontzat zifra bat da, besteen antzekoa; baina adituei dena adierazi die, agidanez. Eta etorkizun hitsa iragartzen ez ezik, iragana gomutatzen ipinarazi ditu, nola iritsi garen honaino galdezka.

Atzo zortzi Ipar Koreak jaurtiki zuen Hwasong-15 misilak gorantz egindako ibilbidearena da zifra: 4.500 km. Frogatuak. Hau da, iparkorearren hitzak ez ezik beste batzuen, ahal dutenen, baliabideek egiaztatuak.

Gakoa, dakitenentzat, ez datza zifraren balio propagandistikoan, baizik teknikoki adierazten duenean: proba horretan misilak eraman duen traiektoria bertikalaren ordez «normalean» eramango lukeena, askoz etzanagoa, izan balu, eror zitekeen jaurtilekutik... 13.000 kilometro ingurura. Beraz, egia hutsa da Ipar Koreak Hwasong-15 misilak badituela, jaurtitzeko moduan, eta haien irismenarekin AEBetako zein Europako edozein puntutaraino hel daitekeela. Gaineratzen badiogu aurten bertan Ipar Koreak bonba termonuklearra leherrarazi duela frogatuki...

Gauzak bere neurrian jartzeko, horrek ez luke adieraziko, oraindik, Ipar Korea kontinentearteko misil nuklearrak jaurtitzeko gai litzatekeenik, ez baitago argi lehergai nuklearren miniaturizazioa menderatzen duenik. Baina bai bidean doala. Nora daraman bide horrek? Batek daki, oraintxe bertan.

Honainoko bideari begira geratu dira, ordea, kezkatienak. Nola lortu du Ipar Koreak, pare bat urteren buruan, bale baino kale gehiago egiten zioten Musudan misil ertainetatik irismen luzeko Hwansong-12, 14 eta 15 arrakastatsuetara jauzi egitea?

Eta duela hilabete batzuk buruberoen marmarra zirudiena ia aho batez onartzen ari dira orain adituak ere: zuen bezero bakarra, Errusia, galdu ondoren gainbehera etorritako lantegi ukrainar bati isilpean jakina erositako motorrak lirateke Hwansong misilek daramatzatenak. Ehunka eduki omen ditzake Ipar Koreak.

Norbaiti, jokaldi bikaina iruditu zitzaion Ukrainakoa aspaldi gabe.