Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Neutraltasun eza: gutxi batzuen Internet

Astebete barru Trumpek bertan behera utziko ditu AEBetan sarearen neutraltasuna babesteko Obamak hartu zituen neurriak. Abenduaren 14an egingo da bozketa, eta ia ziur aurrera aterako da. Horrekin, Interneteko trafikoan lehentasunak eta debekuak ezartzeko aukera irekiko da. Interneti mugak jartzeko aukera, alegia.

Formulak asko izan daitezke. Gehien aipatzen den formulari «bi abiadurako Internet» deitu zaio: bide motela eta bide azkarra dituen Internet. Bide azkarrak bidesaria izango du. Eta nork ordainduko du bidesari hori? Ahal duenak. Facebookek bere tresna guztiek orain arte bezala (edo hobeto) funtzionatzea bermatu nahiko du. Eta ordaindu egingo du, Facebook, Instagram, Whatsapp eta bere tresna guztiek bide azkarretik zirkula dezaten. Baina txikiek ez dute horretarako aukerarik izango. Eta Interneten bigarren maila bat sortuko da. Onartezina da: eduki guztiek, eskaintza guztiek, aukera berak izan behar dituzte Interneten. Internet ezin da gutxi batzuen esparrua izan.

«Bi abiadurako Internet»-ek erabiltzaileei ere eragingo die. Pakete ezberdinak eskainiko dituzte, ziur aski. Telebistarekin egiten den bezala. Eta erabiltzaileak pakete bat aukeratu beharko du. Pakete horietatik kanpo daudenak ikusezin bilakatuko dira poliki-poliki. Eta ziur aski, pakete batzuk ez dira poltsiko guztien neurrira eginak izango. Hau ere onartezina da: Interneterako sarrerak unibertsala eta berdintasunean oinarritua izan behar du. Internet ezin da gutxi batzuen pribilegioa izan.

Internet libre eta irekia sortu zen. Eta neutrala: informazio guztia berdin tratatzeko bokazioarekin. Europan sarearen neutraltasuna legeak babesten du iaztik, erabiltzaileen borrokak lobby-en presioa gainditu zuelako. AEBetan aldaketa gertatzen bada, Europan ere berriz hautsa astintzen has daitezke. Eta orduan ere europar guztion ardura izango da Internet gutxi batzuen eskuetan ez uztea.