DEC. 08 2017 Aizkora Abiatzera doaz finalerdiak Iker Vicente eta Jon Rekondo eguerdian neurtuko dira Leitzako pilotalekuan. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Kopako lehen finalerdia jokatuko da gaur, 12.00etan, Leitzako Amazabal pilotalekuan. Bertan, Jon Rekondo eta Iker Vicente lehiatuko dira. Irabazten duenak, urteko azkeneko egunean Asteasuko pilotalekuan jokatuko den finalerako txartela eskuratuko du. Aurreko kanporaketetako lanetan, hamabina enbor moztu behar izan dituzte, baina oraingoan bi gehiago izango dira, hamalau izango baitira. Egurren tamaina ere aldatzen da, finalerdietan bakoitzak bi 45 ontzako eta hamabi kana-erdiko erdibitu beharko baititu. Harri-jasotzea Gabonetako Harri-jasotze Torneoko finalerdietako bat ere jokatuko da gaur Leitzan; Xabier Peñagarikano eta Mikel Lopetegi lehiatuko dira. Badago gogoa Lopetegi gaztea ikusteko. Berarengan sekulako itxaropenak daude, eta gaurkoan ere saiatuko da maila ematen. Bera izango da irabazteko faboritoa. Kirolari bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola izango ditu erabili beharrekoak eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izango dituzte. Harri bakoitzak 100 kiloko pisua izango du. Bi lehiaketa hauek etzi izango dute jarraipena. Aizkoran Saralegi eta Azurmendi neurtuko dira Zaldibian, eta leku berean Izeta IV.a eta Telleria IV.a neurtuko dira 12.00etan hasita.