GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Parisera begira, gauza asko aldatzen ari dira


Parisera begira gaude atzotik, Senako hiribururantz bart abiatu diren autobusek utzitako irudiak gogoan gordeta. Data hauetan beretan izaten ziren Herrerarako martxa haien antzeko giroa ekarri dute burura gau hotzaren erdian agur horiek; ondoren duela ez asko egindako beste bidaia luze asko izan dira urruneko parajeetan dauden kartzeletako harresietaraino. Azken egun hauetan, Pariserako bidean, hango presondegietaraino heldu da elkartasuna eta aldarrikapena. Deialdiak pilatzen dira urte luzeetan bidaia luze ugari egin behar izan dituzten askoren artean; lehenengo aldia da beste batzuentzat. Batzuek zein besteek asteburua Pariseko deialdirako gordetzea erabaki dute. Maitasuna eta etorkizun justu bat eraikitzeko konbentzimenduak bultzatzen du esfortzua, baita gauza asko aldatzen ari diren sentsazioa ere.

Irribarre eta agurren artean, zuri-beltzeko politika zahar eta mendekarien aurrean, Bidasoaren bestaldean eta handik gorago kolorez eta argiz beteriko etorkizuna marrazten duen agertoki berri baten aurrean egotearen sentsazioa dago, eta hara eraman dute autobusetara igo eta euskal presoak etxeratzearen aldeko ikurrak erakusten dituztenek.

Hemen ez bezala, han ikusi da kolore guztietako ordezkariek bat egin dutela bake prozesuarekin. Sen hori honaino helduko da inoiz. Gaur, bitartean, NAIZi begira egongo gara hango berrien zain, Whatsappez eta Twitterrez heltzen diren hango mezu eta argazkien artean, eta Ibon biak, Txus, Josetxo, Jose Ramon, Gari, Iñaki, Aitzol, Jagoba, Gorka, Joseba, Jose Manuel, Mikel biak eta gainerakoak gogoan.