GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Errusiako Urrezko PioletaBaffineko Asgardera joan da

Dmitri Golovtxenko eta Sergei Nilov egin dira sariarekin. Sokadak mendiaren hego dorrean 28 luze dituen «Ratatosk» bidea zabaldu zuen. Gehienez, A3 zailtasuneko luzeak ditu, eta Errusiako eskalan 6B gradua du. Marra berria sortzeko 13 egun behar izan zituzten.


Eskuarki, Dmitri Golovtxenko eta Sergei Nilov errusiarrek egiten dituzten jarduerek ahoa bete hortz uzten gaituzte. Eskaladan zein alpinismoan oso zailduak dira, eta, eskarmentu horri esker, mundu zabaleko hainbat pareta eta menditan goi mailako eskaladak egin dituzte.

Gehiegi ez luzatzeko, iaz adibidez, Dmitri Grigoriev kidearekin batera, Thalay Sagar mendiko ipar horman bikaina baino bikainagoa den marra bat estilo alpinoan sortu zuten. Jarduera horri esker, hirukote horrek Frantzian antolatzen duten sona handiko Urrezko Pioleta irabazi zuen.

Joan den udan, berriz, Golovtxenko eta Nilovek berriro soka gerrira lotu zuten. Baffineko uhartean dagoen Asgard menditik (2.011 m) zintzilik dauden hormatzarretan izan ziren; hain zuzen ere, hego dorrean. Eta kilometro luze den pareta horretan, bi errusiarrak gai izan ziren “Ratatosk” izeneko proposamen sortzeko.

Denera, 28 luze ditu, eta, zailtasun teknikoei dagokienez, artifiziala nagusi da: A3 gehienez. Errusiako eskalan 6B gradua jarri dute; hots, eskala horren zailtasun handiena. Maila handiko eskalada honi esker, Golovtxenko eta Nilovek Errusiako Urrezko Pioleta irabazi dute

Horiek dira lerrootako protagonistek lortu duten emaitzaren lerroburuak. Biek ala biek jakin bazekiten irudian ikusten den hormatzarraren hainbat zirrikitutan alpinismoaren lehen lerroan jarduten duten mundu mailako alpinista sasoikoenetariko batzuek bideak zabaldu zituztela. Alabaina, alpinistok ere prest zeuden zer edo zer berria egiteko: «Duela hainbat urte helburu horrekin pentsatzen hasi ginen. Jakin bagenekien Ines Papert, Huber anaiak eta enparauak pareta horretan izan zirela. Baina, inolako zalantzarik gabe, Leo Houldingek Asgarden eskalatu ostean eginiko pelikularen irudiek inspiratu gintuzten. Nahiz eta pareta horiek bederatzi bide dituzten, horrek ez zuen gugan eraginik izan eta aurrera jarraitu genuen».

Eskaladari dagokionez, errusiarrek aurreratu dute abuztuaren 8an oinarrizko kanpalekutik irten eta 21ean gailurrean zirela. Horrekin batera gehitu dute harrituta geratu zirela marra hori igo gabe zegoela ikusi zutenean: «Horren inguruan behin baino gehiagotan hitz egin genuen. Badago agerikoa den beste bide bat, baina... Guk aukeratutakoan saiatu zirela argi dago; izan ere, marraren giltzaren hasieran [“sabela” deitu diogu] soka finko bat aurkitu genuen. Ziur aski britainiarrek utzitakoa».

Gai horren inguruan ia argibiderik ez dago, baina argi dagoena da Golovtxenko eta Nilovek zailtasun handiko proposamena zabaldu dutela: «Inolako zalantzarik gabe, zabaldu dugun bidea oso-oso zaila da. Biok elkarrekin egin dugun eskalada gogorrenetarikoa izan da. Adibide soil bat emango dugu: lehen hiru luzeak ireki ahal izateko hiru eguneko lan eskerga behar izan genuen. Horrez gain, esan behar dugu zailtasunean oso iraunkorra dela. Beste era batera esanda, ez duzu une batean ere lasaitzerik. Marra ona izateaz gain, korapilatsua, agerikoa eta oso zuzena da. Hori bai, eskalada ia gehiena artifizialean oinarrituta dago».

Protagonistok onartu dute kilometro luze den bide horrek asko eskatu diela, eta ez soilik eskalada berak: «Zailtasunari dagokionez zaila da, baina gogorrena izan da lan guztia soilik bi lagunek egin dugula: hilabete baterako tresneria garraiatu, bibaken antolaketa, luze bakoitzak eskatzen zuen lana, janaria prestatu, hamaka lekuz aldatu... Kontuan hartu behar da oinarrizko kanpalekua antolatu baino lehen 150 kilometroko ibilbidea egin behar dela».

Eguraldi aldaketak

Eguraldiari dagokionez, bestalde, Golovtxenko eta Nilovek argi eta garbi zuten Baffineko bat-bateko klima aldaketek eskaladan zehar eragin zuzena izango zutela. Horren inguruan adierazi dute oro har muturreko eguraldi gaiztorik ez dutela izan: «Agian, eskalada pare bat aste lehenago hasteko aukera izan genuen. Paretara tresneria eramaten ari ginenean eguraldia lagun izan genuen. Eskaladan zehar, berriz, denetarik izan dugu. Nahiz eta oso objektiboa ez izan, ilgora zegoenean, oro har, klima ona izaten zen. Alabaina, egunek aurrera egin ahala, eguraldiak okerrera egin zuen, eta, batez ere pare bat egunetan, oso baldintza gaiztoekin eskalatu genuen. Gailurrean ginela ilargia berriro hazten hasi zen, eta eguraldia baretzen».

Nahiz eta Baffinen elurrez inguratuta egon, Errusiako Urrezko Pioleta irabazi dutenen iritziz, “Ratatosk” bidea oso lehorra da: «Ondorioz, paretan 36 litro ur garraiatu genituen. Gainerakoan, eskaladaren inguruan izan genuen estrategia big wall-etan erabiltzen den ohikoa izan zen. Bestalde, arestian aipatu dugu bidearen zatirik zailena behealdean aurkitu genuela; hain zuzen, lehen hiru luzeak. Tximinia estu antzeko bat da, eta arrokaren kalitatea nahiko txarra. Egun bakoitzeko luze bana eskalatu genuen. Bederen, eguraldi ona genuen. Horrez gain, badago beste sekzio zail bat: hamargarren, hamaikagarren eta hamabigarren luzeak. Pareta oso tentea da, erori pixka bat badu, eta, gainera, erlaitz batzuk ditu. Hamargarren bileran aipaturiko soka finkoak aurkitu genituen; 90ko hamarkadan utzitakoak. Luze gogorrak izan ziren; bakoitzak bosna orduko lana eskatu zigun».

Argi dago eskalatzaile errusiarrak oso eraginkorrak izan zirela, nahiz eta kilometro bateko hormatzar hori eskalatu ahal izateko, hamahiru egun behar izan zituzten: «Beste jarduera batzuetan bezala, erritmo bizia mantendu nahi izan dugu. Kapsula eran eskalatu dugu, eta horretarako hamaka bat eraman genuen. Petateen pisua ere ez zen makala. Uraz gain, gasolina eta janari asko eraman genuen. Horrekin guztiarekin, uste dugu asmatu genuela; izan ere, paretan gosez akabatu gabe beste pare bat aste pasa genitzakeen. Erritmo ona eramatea garrantzitsua zen, baina garbi genuen ere txorakeriarik ezin genuela egin».

Kronikaren hasieran aipatu dugu sokada honek makina bat goi mailako jarduera egin dituela, eta zerrendan dituztenen artean Asgardeko azken jarduera hau azpimarratu nahi izan dute: «Agian, Muztagen eginikoaren alderatu dezakegu. Bizi izan genuen tentsioari dagokionez, oso berdintsuak dira. Baina lasai hausnartuta eta espedizioaren atal guztiei erreparatuta, Baffineko hau zailagoa izan daiteke. Batik bat, hilabete batez era guztiz autonomoan jardun dugulako. Petateek asko pisatzen zuten, eta 150 kilometroko ibilbidea genuen aurretik».

Amaitzeko, errusiarrek diote eskalada estiloari garrantzia eman nahi diotela: «Teknikoki bide zaila egin dugu; beraz, abiadura ez zen lehentasuna. Egun, berriz, joera modernoek abiaduraren aldeko apustua egiten dute; jakina, bide askoz ere errazagoetan. Saiatzen gara ahalik eta parabolt gutxien sartzen, eta, ahal badugu ere, era askean eskalatzen. Guk zortzi parabolt jarri genituen, zabaldu genuen marrak hala eskatzen zuelako. Inolako zalantzarik gabe, guk bide korapilatsuak zein zailak bilatzen ditugu».