DEC. 18 2017 ZIRIKAZAN Aurrera pertsonok Last update: DEC. 18 2017 - 00:11h Josebe EGIA Eguberri on! Eta urte berri on ere bai, hurrengoan topo egiten dugunean 2018. urtea izango da eta. Urte garbia oraindik, itxaropentsua. Arrazoiak izan ala ez, itxaropentsuak gu… euria goian-behean ariko da, txingorrak eta haizeak zartatuko gaituzte, batetik bestera iristeko kontrako norabidean datorren korronte bortitzaren kontra egin beharko dugu, baina espezie itxaropentsua gara, eta egoskorra, gainera. Beraz, jantziko gara zenbait arropa-geruzaz, hartuko ditugu euritakoak eta kapak, eta hornituko gara gure armez denboraleei aurre egiteko: eutsi zuk pankarta mutur horretatik, zuk hartu irudiak jendarte osora zabaltzeko, lagundu euskarri hauek han-hemenka banatzen, gora dezagun ahotsa, armetan baliotsuena eta suntsiezinena, denok elkar hartuta. Eta goazen, goazen kalera, mundua geurea ere badela eta nolakoa nahi dugun adieraztera. Argi adieraztera, Euskal Herriko mugimendu feministak joan den zapatuan Santurtziko portuan egin zuen bezala, botere-eremuetatik kanpo bizi garen herritarrok –jendearen gehiengoak, alegia– ez dugula nahi mundu militarizatua; ez dugula nahi geure herrialdean inongo estatu erailtzaileren gobernu konplizea, ezinbesteko laguntzailea; ez dugula nahi sistema kapitalista zanpatzailearen baitan gizakion gainetik erdigunean etekin ekonomikoa besterik ez jartzen segituko duen gobernurik, “Euskadi, auzolana” edota “Pertsonak helburu” leloez erabat kontrakoa sinetsarazi nahi digun bitartean. Euskal Herriko mugimendu feministak, antimilitarista eta ezinbestean zapaldu guztiekin solidarioa ere badelako, joandako zapatuan buruturiko ekintzaren bidez salaketa-protesta ez ezik, beste zerbait ere egin zuen, zerbait zinez garrantzitsua: hemen, Bizkaian bertan, zer gertatzen ari den ahalik eta ozenen jakinarazi, ahalik eta nabarmenen. Izan ere, zenbat herritarrek ote dakite telebistan Yemen urrunean jazotzen ari denak zuzeneko lotura duela gure portuarekin, portua kudeatzen duten agintariekin, hemendik hara tonaka misil bidaltzeko, saltzeko, haien erabakiarekin? Pertsonak eta haien bizibideak sarraskitzetik probetxua ateratzeko, geure izenean! Halako zenbat, gure izenean. Ez bagenu benetan itxaropenik gauzak eraldatzeko geure boterean, pertsonon konpromiso eta indarrean zein, orain bai, elkartasunaren eta auzolanaren balio transformatzailean, gu geu geundeke salduta, espezie gisa robotizatuta, taupadarik gabe hilda. Ez da kasua, ordea, eta urte osoan, urtetik urtera, erakusten dugu. 2018an, berdin! Aurrera bizitza, aurrera herri-mugimendua!