Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Xua, Haitz, Izar

Gabon atarian gaude. Izan ikuspegi erlijiosotik, paganotik, festa girokotik edota kontsumismo neurri gabekotik, bakoitzak desberdin bizitzen dugu garai hau. Halere, iritziak iritzi eta kontraesan mordoa bizkarrean, gehienok giro horretan sartzen gara edo sartzen gaituzte. Izan ere, futboleko final handi bat gertatzen denean bezala, kasik saihetsezina egiten zaigu ingurune horretatik at geratzea.

Gainera, antza, Gabonetan denak gara majoagoak, solidarioagoak, eskuzabalagoak, humanoagoak. Eta urtean zehar inoiz ez, gutxitan edo askotan (bakoitzak aurki dezala dagokion maila) pentsamenduan izan ditugunak sentiberatasun handiagoz gogoratzen ditugu. Zeresanik ez, halabeharrez etxetik kanpo daudenak. Luze izango litzateke zerrendatzea (gaixoak, gerra edo goseteengatik lekualdatuak…) baina kasu honetan gure preso, erbesteratu, deportatu eta sasian daudenetara mugatuko naiz. Eta, jakina, haien senide eta lagunetara.

Are, hiru pertsonatara eramango dut mugarria. Hiru umetara. Horietako bi, Xua eta Haitz, espetxean jaio ostean, han daude, Picassenteko presondegian euren ama eta aitak bezalaxe. Hirugarrena berriz, Izar, kanpoan da Sara bere amarekin, Madrilgo etxe-espetxe batean. Baina inor ez da bere etxean, familian. Dispertsio politika madarikatua tarteko, hiru haurrok ezin izango dute gure herri, kale eta familietan bizitzen den giro berezia (alde on eta ez hain onekin) bizi. Horren txikiak izaki, ez dut uste ohartuko direnik baina, beren aita-amek, amona-aitonek eta senideek, «aparteko egun horietan» berariazko hutsunea sentituko dute (eta badakit zertaz ari naizen).

Olentzero, Bizarzuri edota Errege Magoen parafernalia ezin izango dute hain era zuzenean bizi. Egia esan, haurrentzat (ez hiru horientzat eta igual ezta gainerakoentzat ere) ez dut uste premiazkoena hori denik. Baina igual helduontzat oso-oso inportantea da ilusio horiek, opariak, magia hori eskaintzea, norberaren hutsuneak betetzeko. Horregatik nik ere opari magikoa eskatuko diot Olentzerori: arrazionaltasun, onberatasun eta gizatasunez osatutako zakukada bana… Rajoyrentzat eta Macronentzat!