Jon LEUNDA
Aizkora

Urrezko Kopa bihurtu da nesken urteko erreferentzia

Maika Ariztegi, Alatzne Etxaburua, Irune Izkue, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa neurtuko dira Donostiako Trinitate plazan, 13.30etik aurrera.

Emakumezkoen Donostiako Urrezko Kopa jokatuko da gaur 13.30etik aurrera, Donostiako, Trinitate plazan. Neskek oraingoz ez daukate Euskal Herriko Txapelketarik, eta eta hau izango da eurentzat urteko erreferentzia nagusia.

Irune Izkue, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo, Alatzne Etxaburua eta Irati Astoandoa aizkolariak lehiatuko dira Donostian. Bakoitzak bost oinbateko erdibitu beharko ditu, 36 ontzakoak, alegia.

Finala oso polita izango da, eta garbi dago nesken aizkoljokoa berriro ere loratzen eta indartzen ari dela. Alatzne Etxaburua eta Irune Izkue dira faboritoak, baina gainerakoak ere ez dira ahaztekoak. Donostian jendetza batuko da gaur, eta horietako asko izango dira Trinitate plazan lehia hau ikusten.

 

Bizkaikoa

Gizonezkoetan, gaur Bilbon, Areatzan jokatuko da Bizkaiko Lehen Mailako finala, 13.00etan hasita. Aitzol Atutxa, Ernesto Ezpeleta, Hodei Ezpeleta, Xabier Garcia, Julen Mendieta, Aritz Irazabal eta Julen Larrea izango dira finalean arituko diren aizkolariak. Bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko ebaki beharko ditu.

Final honetan sekulako aldea izango da Atutxaren eta gainerakoen artean. Egungo Euskal Herriko txapeldunak ez luke inongo arazorik izan behar gaur txapela lortzeko, eta zerbait gertatu ezean, garaipena berarenetzat izango da. Lehia bigarren posturako izan daiteke; hor izen bat baino gehiago agertzen da, eta zaleek hor iragartzen dute emozioa.

Leku berean jokatuko da trontzalarien torneoa ere, eta bertan, Barberena anaiak, Berruezo eta Oteiza eta Ispizua eta Zubizarreta lehiatuko dira. Bakoitzak zutik jarritako 45 ontzako enborrari 7 epai eman beharko dizkio, eta etzanda jarritako 45 ontzakoari, berriz, 13 eman beharko dizkio.