DEC. 24 2017 Berezkoak Larralde eta Ducassou faborito garbiak dira Donibane Garazin Jon LEUNDA Berezkoen Superprestigioa iritsi da finalerdietara eta gaur, 15.00etatik aurrera, jokatuko dira Donibane Garaziko Garat trinketean. Lehen partidan, Gixandut eta Ducassou lehiatuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Ospital eta Larralde izango dira elkarren aurka arituko direnak. Ducassou izango da garaipena lortzeko faboritoa Gixanduten aurkako lehia honetan, baina Battittek kontuz ibili beharko du, bere aurkariak ere maila handia baitu; galtzeko ezer ez duenez, presiorik gabe kantxaratuko da, eta oso pilotari arriskutsua bihur daiteke. Gainera, Gixandut lehen kanporaketatik dator, eta hau laugarren neurketa izango du. Migueltorena, Ximun Lanbert eta Gonzalez izan dira kanpoan utzi dituenak. Bera ongi dago, eta partidak jokatuta etortze horrek ere mesede handia egingo dio. Ducassourentzat, aldiz, bere lehen partida izango da. Horiek oso arriskutsuak izaten dira eta arriskutsuagoak bihurtzen dira aurkaria horrenbeste jokatuta baldin badator. Bigarren partidan, Larralde eta Ospital jardungo dira aurrez aurre. Hemen ere Larralde da faboritoa, baina Ospitalek badaki zer den gaurko aurkaria bakarka mendean hartzea, eta gainera, partida bat jokatuta dator, Etxegarai kanpoan utzi baitzuen aurreko kanporaketan. Hala eta guztiz ere, Larralde da faborito, eta bera eta Ducassou urtarrilaren 7an jokatuko den finalean ez izatea ezuste handia izango litzateke. Ospital eta Gixandut, hala ere, saiatuko dira hasiera batean inork espero ez duen ezustea ematen. Ikusmin handia dago eta jende asko izatea espero da gaur.