DEC. 26 2017 HIMALAIA Hegotiroldarrek Shivling mendian izotzezko marrasortu dute «Shiva´s Ice» izeneko bidearen egileak Simon Gietl eta Vittorio Messini dira.1.500 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: WI5 eta M6. Andoni ARABAOLAZA Shivling (6.543 m) Gharwaleko ikono bat da. Indiako Himalaiaren “Matterhorn” ezizenez ere ezagutzen den mendi hori oso erakargarria da alde guztietatik; bai estetikoki eta bai teknikoki eskaintzen dituen marrengatik. Simon Gietl eta Vittorio Messini ere iritzi berekoak dira, eta iragan urrian aukera izan zuten seimilakoan izotzezko marra eder bat sortzeko: “Shiva´s Ice” bidea. Hego Tiroleko bi alpinista zaildu hauek, berez, Thomas Huber-ek eta Iwan Wolf-ek duela zazpi urte zabaldutako “Shiva´s line” errepikatzera joan ziren. Sona handiko marra bat da; izan ere, alemanek bide hori zabaltzeagatik Urrezko Pioleta jaso zuten. Baina, antza denez, Gietlek eta Messinik Shiva jainkosa “alde” izan zuten; goi mailako bide zahar bat errepikatu beharrean, marra berri bat sortzeko “aukera” eman zielako. Beste era batera esanda, mendiaren baldintza egokiek 1.500 metro luze den proposamen oso erakargarri eta gogorra (WI5 eta M6) zabaltzeko aukera eman zieten. Messinik berak egoera horren inguruan honako hau gehitu nahi izan du: «Huberren eta Wolfen ‘Shiva´s line’ oso zorrotza denez, hura igotzeko irrikatzen geunden. Baina han ginela, elur asko botatzeaz gain, ohartu ginen hotz gehiegi egiten zuela ipar zutoin hori eskalatu ahal izateko. Neguko baldintzak genituen! Pareta berriro aztertu ondoren, konturatu ginen alemanen eta Christoph Hainz-ek eta Hans Kammerlander-ek zabaldutako marren artean, mistoko tarte batzuez gain, elurrezko zein izotzeko korridoreak osatu zirela». Hiru egun Nahiz eta behin betiko saioa urriaren 9an egin zuten, bi alpinistok bidearen zati zailenak prestatzea erabaki zuten. Lehen igoeran, 5.500 metrora heldu ziren eta kanpaleku horretan tresneria utzi zuten: «15 kiloko bizkar-zakuak generamatzan. Alpeetako ipar hormetan ohikoak diren baldintzak aurkitu genituen bidean. WI5 zailtasuneko hainbat luze egin eta bibakera jaitsi ginen. Biharamunean, berriz, zutoinaren eskuinaldera jo beharrean, 70 graduko aldatsak zituzten zati batzuetatik igo ginen. 5.900 metroko garaieran ginela eta soka finko batzuk jarri ondoren, oinarrizko kanpalekura jaistea erabaki genuen». Bi eguneko atsedena hartu eta urriaren 9an Gietl eta Messini pronto ziren behin betiko saioari ekiteko: «Bigarren kanpalekuan ginen arratsaldeko lauretan. Eta biharamunean, soka finkoetatik igotzen hasi ginen; oso nekagarria izan zen, besteak beste, aurrean genituen aldatsak oso tenteak zirelako. Sekzio horiek gainditu ostean, Kammerlander-Hainz bidera iritsi ginen». Bi protagonistok “Shiva´s line” oso hurbil zuten; parez pare. Baina segituan ohartu ziren hotz gehiegi egiten zuela zutoin horrek dituen A3-A4 zailtasuneko artesiak gainditu ahal izateko. Messinik aurreratu duenez, aukera hori baztertu eta japoniarren bidearekin bat egitea erabaki zuten orduan: «Arrokan eskalatzeko hotz handia egiten zuen (-20°), eta, horrez gain, elurraren baldintzak bikainak baino bikainagoak ziren. Japoniarren bidera abiatu ginen. Tontor eguna zenez, oso arin joan ginen. Japoniarrek jarritako soka finkoak oraindik agerian ziren. Ezusteko bat ere izan genuen; izan ere, hilotz batekin egin genuen topo. Irudi hori buruan iltzatuta geratu zitzaidan, baina aurrera egin behar genuen. Elurraren baldintzek oso onak izaten jarraitzen zuten, eta, ia eragozpenik gabe, gailurra jo genuen. Igotako bide beretik jaitsi ginen, eta, gauak harrapatuta, hirugarren bibak bat egin behar izan genuen». «SHIVAS´S ICE» Simon Gietl eta Vittorio Messini alpinistek izen hori jarri diote iragan urrian Shivling mendian (6.543 m) zabaldutako bideari. Hura eskalatzeko, hiru egun behar izan zituzten hegotiroldarrek.