GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Familia


Familian pasatzeko egunak ditugu Gabonak. Gure bizitzako komunitate itxiena eta intimoena seguru asko. Sarean izan da eztabaidatxoa egunotan pare bat inkestak eman duten emaitzen harira, denboran zehar beste hainbat inkestak esan dutena berretsiz. CISen arabera, inkestatuen %86 ados edo oso ados daude «bizitzako plazerik handiena seme-alabak hazten ikustea» dela dioen baieztapenarekin. Bestetik, Hernanin egindako ikerketa baten arabera, kezken zerrendan lehen postuetan daude familia, lana eta lagunak.

Beste ikerketa asko aspaldi ari zaizkigu adierazten ideal handiak indarra galtzen ari direla (komunismoa, anarkismoa, erlijioak...) eta beraz, alderdiak, sindikatuak eta eliza zerrenden azken postuetan ageri dira. Aldiz, indartzen ari dira familia eta lagunekiko loturak eta espazioak.

George Lakoff hizkuntzalari eta Zientzia Kognitiboetako irakasleak bere lanen oinarrian jarri izan du familia eredu ezberdinek, ezkerreko zein eskuineko balioek, plano politikoan duten isla eta garrantzia, politika publikoak enmarkatu eta garatzeko garaian. Uste dut familiaren gaiak baduela mamia, Lakoff-ek dioen gisan, eta ikuspuntu sozialista zein feministatik familia ereduetan zein balioetan eragin dezaketen politika publiko askoren alde borroka egin dezakeela ezkerrak, funtsean gizarte egiturak baldintzatzen dituztenak, familiari buruzko eztabaida teorikoetan katramilatu beharrean.

Lan baldintzei dagokienez, emakume eta gizonen baldintzak berdintzeko borrokan, lan beragatiko errentak parekatzearen alde egiten dugunean, haurren jaiotza sustatzeko politikak zehaztean eta kontziliazio edo bajekin lotutako eskubideen alde borrokatzen garenean, esaterako. Berdin gertatzen da etxebizitza-politika publikoekin ere; alokairu politikak, etxebizitzaren tamainak eta komunitate bateko espazio komun zein pribatuak diseinatzeko garaian. Borroka horietan gizarte egitura jendarte sektore zabaletan eraldatzeko potentzial handia duten espazioak ditu ezkerrak, baita feminismotik ere. Eta ikuspuntu subiranistatik ere asko eman dezaketen borroka espazioak dira, burujabetza ezinbestekoa baita politika publiko horiek garatzeko.