GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Salbuespen egoeraren hamaika aurpegiak


Kartzelatik atera da Txema Matanzas, 18/98 auzian zigortua, hamar urte preso eman ondotik. Hurrengo egunetan aterako da, halaber, Joxean Etxeberria. Espainiar Estatuak mendekuak muturreraino eramaten ditu: ederki dakigu Euskal Herrian. Edonola ere, badaude kanpoan nahiz Euskal Herrian salbuespena sinetsi nahi ez dutenak, demokrazian gaudela pentsatu nahi dutelako. Errealitatea egoskorra da eta errepresioak ikuspegiak eraldatu ditu, ordea.

Hipotesia bazuten batzuek Euskal Herrian pairatzen dugun errepresioaz, borroka armatuaren ondorioa zela, alegia. Ikuspegi honen arabera, Katalunian ez zen halakorik gertatu behar, borroka armaturik ez zegoelako. Finean, demokratikoki defendatzen den egitasmoa geldiezina da, hau zen ideia nagusia. 155. artikuluaren ezarpenak ikurtzen duen ofentsiba errepresiboak, alta, uste hauek guziak kolokan jarri ditu. Izan ere, borroka armaturik gabe, indarra erabiltzen ari da espainiar Estatua bide baketsuaren aurka.

Hainbatek ez zuen espero, eta ustekabeko galanta hartu dute. Duela hogei urte kartzelan sartu berriak ginen Herri Batasuneko Mahai Nazionalaren kideok, zazpi urteko kartzela zigorra jaso ondotik, eta ordudanik errepresioaren kateak jende aunitz kolpatu du, salbuespena bazter ezberdinetara zabalduz. Eskarmentu honek zer pentsa eman digu urte luze eta gogor hauetan. Espainiar Estatuaren aurpegia ikusi dugu, mozorrorik gabe. Beste batzuek bestela ikusten jarraitzea nahiago izan dute, berriz. Afera ez da «ikusten? guk bagenekien!» esatea, tentagarria bada ere, aukera gogoeta sakonak egiteko baliatzea baino.

Espainiar Estatuaren errepresio eta inposizio hautua sistemikoa da. Salbuespena ez da salbuespena, arau nagusia baizik. Estatuaren biziraupenerako apustua da eta aurre egin behar zaio, salaketa hedatuz, jendarte indarrak sustatuz eta gainditzeko estrategia egokiak aukeratuz, errepresioa Estatuarendako funtzionala izan ez dadin.