JAN. 02 2018 HIMALAIA Kishtwar-eko erdiko zutoinean proposamen ederra sortu dute Stephan Siegrist, Julian Zanker eta Thomas Huber-en bide berriak «Har Har Mahadev» (A3+, 6b, M6, 80º, 1.000 m) du izena. Andoni ARABAOLAZA Mendiaren irudian ikusten den bezala, Cerro Kishtwar-eko (6.155 m, Kaxmir) hego-mendebaldeko paretak Yosemiteko Kapitan hormatzarraren antz handia du. Alabaina, iragan urrira arte, seimilakoaren erdiko zutonak ez zuen inoiz igoerarik jaso. Egoera hori irauli dutenak Julian Zanker eta Stephan Siegrist suitzarrak eta Thomas Huber alemana izan dira. Proposamen berria kilometro bat luze da, eta “Har Har Mahadev” (VII, A3+, 6b, M6, 80°) izena jarri diote. Batzuek diote Kaxmirreko “Kapitain” horren lehen igoera berandu iritsi dela, eta aitortu behar dugu neurri batean arrazoi dutela. Izan ere, Cerro Kishtwar nazioarteko alpinismoan lehen lerroan dauden protagonista batzuek bisitatu izan dute. Horietako batzuk dira hauek: Andy Perkins, Mike Fowler, Hayden Kennedy, Marko Prezelj... Batzuk, saio ederrak egin eta gero, etxera esku hutsik itzuli dira; beste, batzuk, berriz, gustura aritu dira seimilakoak eskaintzen dituen zirrikituetan barrena. Lerrootako alpinistei dagokienez, aurreratu behar dugu Siegristek Kishtwar ezagutzen zuela. 2011. urtean, Denis Burdetekin eta David Lamarekin granitozko hormatzar horren eskuinaldean izotzezko bide bat estilo alpinoan eskalatu zuen. Hein handi batean, Siegristek eta bere kideek izotza alde batera utzi eta, aipatu dugun bezala, hego-mendebaldeko erdiko zutoinean jardun dute. Horma horretara heltzeko, lehenik eta behin 400 metroko zokalo bat behar izan zuten igo. Ondoren, 600 metroko arrokazko eskalada gogorrari ekin zioten. Lan horiek guztiak joan den urriaren 14an bukatu zituzten, paretan bertan astebete igaro ondoren. Baina hori bigarren saioa izan zen. Lehenbizikoan, hiru eguneko eskaladaren ondoren, atzera egin behar izan zuten. Erdiko zutoinaren proposamen berri honi buruz, Huberrek honako hausnarketa egin du: «Aukeratutako xedean ia porrota jaso genuen, batez ere, hasieran paretaren neurria gutxietsi genuelako. Behin tamainari errespetuz begiratzen hasi ginenean, orduan eskalada hori egitea baimena eman zigun. Bai, bi saio behar izan genituen. Ezinezkoak diren egoerak soilik buruan daude. Orain arte esandakoa horren adibide da. Zeure eskarmentuan oinarritu eta ausarta zarenean, intuizioak eta bihotzak aske jarduten dute. Eta, jakina, ezinezkoak indarra galtzen du». Bide batez, Huberrek Siegristentzat esker oneko hitzak ditu; izan ere, suitzarra izan da xede horren bultzatzaile nagusia. 2011. urteko igoera hartatik, Siegrist ipar-mendebaldeko horma ikaragarri estetiko horren argazki batekin etxera itzuli zen. Huberri erakutsi zion, baina alemanak beste helburu bat zuen buruan. Hura atzean utzi ondoren, Siegristek eta Huberrek buru-belarri ekin zioten Cerro Kishtwarreko xedeari. Hirugarren bat batu zitzaien: Zanker. Izaera horretako eskaladetan Siegrist eta Huber zailduak dira, eta biek ala biek onartu dute 600 metro luze den granitozko murru trinko horren modukoak garaiera handia duten mendietan oso gutxitan ikusten direla. Bi saio Kanpaleku nagusia 4.000 metroko altueran antolatu zuten. Denbora galdu gabe, girora egokitzen jardun zuten: «Gure lehenbiziko lana tresneria asko kanpaleku nagusi aurreratura eramatea izan zen. Hormaren aurrera heldu ginenean, hirurok ala hirurok gauza bera azpimarratu genuen: ‘pareta hau ikaragarria da!’. Zokaloaren 400 metroetan izotza eta mistoa nagusi dira. Behin tarte hori gainditutakoan, aurretik 600 metroko murru tentea (eroria ere badu) aurretik duzu. Guk, jakina, erdiko zutoinean zuzen joatea erabaki genuen». Urriaren 1ean lehen saioari ekin zioten. Biharamunean, paretaren oinarrian ziren, prest 600 metroko eskalada gogorra hasteko. Nahiz eta garaiera horietan eskarmentu gutxien izan, lehen metroen ardura Zankerrek hartu zuen: «Itzalean geunden, eta hotz handia egiten zuen; gutxi gorabehera, -10 °C egingo zuen. Erlaitz batera heltzeko 150 metroko artesi oso-oso fina zegoen. Arratsaldeko hirurak arte eguzkiak ez zigun bisitarik egiten, eta, hura azaltzen zenean, soilik hiru orduko ‘goxotasuna’ genuen. Honengatik guztiarengatik, magnesioa eta katu-oinak petateetan utzi genituen». Protagonistek onartu dute lehen metroetan argi izan zutela birdbeak-ek egundoko laguntza emango zietela. Ahalik eta parabolt gutxien jarri nahi zuten, eta hauek saihesteko “mirari” hori sokadaren laugarren kidea izan zen: «Artifiziala teknikoa egiteko gailu eraginkorrena da. Poliki gindoazen, luzeak zailak zirelako, artesiak izotz eta elurrarekin zeudelako, eta hotz handia egiten zuelako». Biharamunean, Huberren txanda izan zen: «Birdbeak-ek ondo funtzionatzen jarraitzen zuten. Friendak ere erabili nituen. Eskalatzen ari nintzen sekzioa oso tentea zen, eta Julian ni aseguratzen lau orduz egon zen; oinak izoztuta zituen. Bibaka antolatu ondoren, aurrera jarraitu nahi genuen, baina hotz ikaragarria egiten zuen. Gainera, Julianen oinek itxura itsusia zuten eta Stephanek esku bat handituta zuen. Egoera hori ikusita, kanpaleku nagusira jaistea erabaki genuen». Atseden egokia hartu ondoren, urriaren 8an hirukotea pronto zegoen behin betiko saioari ekiteko. Kanpalekutik irten zirenean, eguraldia lagun zuten, baina eskaladaren hurrengo egunetan eguzkia ezkutatu zen: «Paretaren goialdetik elurra erortzen zen behin eta berriro, eta artesiak izoztuta zeuden. Alabaina, dena ematen ari ginen. Bost eguneko eskalada oso gogor baten ondoren, urriaren 14an gailurra zapaldu genuen. Azken ehun metroak opari handia izan ziren; mistoko luze errazak. Oro har, muturreko egunak (-20 °C) izan ziren; bizirauteko egunak, alegia. Denera, bi saio egin eta paretan hamar egun igaro genituen. Lau kanpaleku altxatu eta hainbat parabolt jarri genituen; guztiak ala guztiak bileretan. Zabaldutako bide beretik jaitsi ginen». LEHENAK Julian Zanker, Stephan Siegrist eta Thomas Huber-ek Cerro Kishtwar-eko (6.155 m) ipar-mendebaldeko erdiko zutoina lehen aldiz igo dute. MARRA Alpinistok sortu duten bideari «Har Har Mahadev» deitu diote. 1.000 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: A3+, 6b, M6 eta 80º. MUTURREKOA Protagonistok onartu dute seimilakoaren laugarren igoera egiteko, muturreko egunak bizi izan zituztela. -20 ºC-ko tenperaturarekin eskalatu zuten.