GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Kamailong mendi ezezagunak bigarren igoera izan du

Protagonistak Marina Kopteva eta Galina Chibitok izan dira. Mila metro luzeko eta ED zailtasuneko bidea zabaldu dute.


Marina Kopteva, Galina Chibitok eta Anastasia Petrovak osatutako taldea indartsua da oso. Alabaina, sokada errusiar-ukrainar honek gure ingurumari honetan apenas duen sonarik. Bai, nazioarteko emakume alpinisten artean lehen lerroan dira, baina, “mendebaldekoak” ez direnez, beren jarduerek ez dute oihartzun handirik.

Eta horren adibide da iragan urrian hirukote honek Txinako Sichuango eskualdean dagoen Kamailong mendian (5.870 m) eginiko eskalada. Zehaztu beharra dago Petrovak, osasunarekin izaniko arazo bat dela-eta, ezin izan duela jardun horretan parte hartu.

Kopteva-k eta Chibitok-ek, berriz, aukera izan dute mila metro luze den ertz gogor bat zabaltzeko. Eta gogorra diogu errusiar eskalan 6A eta gurean ED zailtasuna duelako. Garaiera duen mendi tekniko horretan, gainera, arrokan 5c/6a librean eta A2/3 artifizialean gainditu behar izan zuten. Eta hori gutxi balitz, bikote horrek mendiaren bigarren igoera lortu du; lehena 2002. urtean izan zen.

Oro har, Koptevak adierazi duenez, sortu duten marrak hiru zati ditu: «Arrokara heltzeko, lehenik eta behin korridore bat eskalatu behar izan genuen. Ondoren, horma tente bati aurre egin genion, eta amaitzeko ertz ikusgarrian sartu ginen».

Eskalada, berez, urriaren 5ean hasi zuten, eta 12an gailurrean ziren. Antza denez, eguraldiarekin ez zuten batere zorterik izan, eta janariarekin komeriak izan zituzten; izan ere, lau egun deus jan gabe igaro zituzten.

Bestalde, Koptevak adierazi du, beste espedizio batzuekin alderatuta, Sichuanen egin dutena ezberdina izan dela oso: «Txina ez da bidaiatzeko herrialde batere erraza. Batez ere, urruneko eskualde batera joaten bazara eta espedizio hori emakumez soilik osatuta badago. Beka bati esker azken urteotan buruan genuen helburu hau egiteko aukera izan dugu. Indian eta Nepalen ez bezala, herritarrekin zorte handia izan dugu. Alde batetik, une oro laguntzeko pronto zirelako. Eta bestetik, diru kontuetan nahiko lasai utzi gintuztelako. Galinak eta biok onartzen dugu espedizio hau bakarra izan dela. Horrekin esan nahi dugu eskuarki mendi eta inguru ezagunagoak eskalatu eta bisitatu ditugula. Baina, eite guztietatik begiratuta, Kamailong mendian benetako bakardadea sentitu dugu. Den-dena arras interesgarria izan da. Adibidez, bost egun behar izan genituen agerikoa zen xede bat aurkitzeko. Asko esploratu dugu. Horretaz guztiaz gain, oso autonomoak izan gara; sukaldaririk ez genuen eraman! Kanpaleku nagusia paretaren oinarrian jartzea ez zen batere segurua, eta 4.860 metroko kotan, morrena batean, denda bat altxatu genuen».

Bi alpinistok mendiaren edertasunarekin txundituta geratu ziren. Ipar eta hegoaldeko aurpegiak ondo baino hobeto aztertu zituzten, baina bietan ala bietan ohartu ziren, arrokaren kalitatea txarra izateaz gain, horma horiek ez zirela oso luzeak: «650 eta 800 metro artekoak ziren. Ertzak, berriz, luzeak, tenteak eta nahasiak ziren».

Lan eskerga

Bestalde, Koptevak azpimarratu nahi izan du, horma batean ez bezala, eskalatutako ertzak arazoak ugaritu zituela: «Jakina, hormatzar batean denetarik jasan dezakezu, baina guk uste dugu ertz batean igoera zein jaitsiera nahiko nahasiak direla. Gogorra izan zen oso, baina beste egoera latz batzuk ere igaro genituen. Ertz horretan, batez ere eguraldi onarekin, ura lortzea ezinezkoa izan zen. Beraz, geure petateetan litro asko garraiatu behar izan genituen. Janariarekin ere arazoak biderkatu ziren; eskaladan ezer gabe geratu ginen!».

Lerrootako protagonistek onartu dute bidearen zailtasunarekin ezustekoa hartu zutela: «Segurtasunagatik ertzera heltzeko pareta monolitiko bat aukeratu genuen. Behetik begiratuta, ertza ez zen oso zaila ikusten, baina pare bat sekzio gogor ditu. Honi guztiari izaniko eguraldia gehitu behar diogu. Hasieran, nahiko egonkorra eta polita izan zen. Baina egunek aurrera egin ahala, gaiztotzen hasi zen. Sichuanen oso ezaguna den behe-lainoak bisitatu gintuen. Eta horrekin batera, elurrak eta haizeteak. Bederen, une baikor bat izan genuen; elurrari esker ura lortu genuen! Bibakei dagokienez, ia gau guztiak eserita pasa genituen. Hala ere, denda altxatzeko aukera izan genuen».

Alpinistok esan dutenez, janariarekin arazoak izan zituzten. Denera, lau egun ezer jan gabe eman zituzten: «Eskalatzen ari ginela, ohartu gabe, janaria zegoen paketea amildegitik behera erori zen. Shock egoera izan zen! Gogorra izan zen, baina ez balentria. Jakina, ahulago geunden, eta horrek eskaladaren abiadura mantsotu zuen. Ia indarrik gabe aurrera jarraitzeko borondatea genuen, eta hala egin ere. Ez dugu uste pazientzia galtzeko zorian egon ginenik. Zorionez, osasunez ondo ibili ginen».

Nahiz eta garaiera duten medietan jarduera tekniko gogorrak egin dituzten aurretik, Koptevak onartu du Kamailong mendian eginiko jarduerarekin eta bizitako esperientziarekin pozarren direla: «Kontuan hartu behar da mendi hau tokitan dagoela, eta mendizaleen bisitarik ez duela jasotzen. Logistika ez zen batere erosoa izan, eta han bertan galdera asko argitu behar izan genituen. Baina, zorionez, alpinismoak aurpegi eta estilo asko ditu. Eta gure bilakaera asetzeko leku eta mendi berriak ezagutu nahi ditugu. Horrekin guztiarekin adierazi nahi dugu alpinismo domestikotik at jardun nahi dugula. Jakina, helburu hauek guztiak aurrera atera ahal izateko, arazo handiak ditugu; batez ere, diru aldetik. Ikuspegi ‘burgesa’ duten jarduerei dagokienez, lasai asko esan genezake ia dena egina dagoela. Gu oso gustura gaude mendi tekniko horretan lortutako emaitzarekin. Ez da batere erraza izan, baina gure xedea biribiltzeko aukera izan dugu. Bestalde, emakumeok egiten ditugun jarduera batzuk gutxietsi egiten dira. Makina bat komentario intolerante irakurri behar izan ditugu».