Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

12 pieza

Zapatuan mobilizazio masiboa izango da Bilbon, beste behin ere. Euskal preso politikoei ezarritako exterminio politika humanizatzeko eskatuko du euskal gehiengo politiko eta sozialak. Gainerako presoen eskubide berberak aplika diezazkietela exijituko du. Paradoxikoa irudi lezakeen arren, haiek preso politiko bezala tratatzeari utz diezaiotela gura genuke. Soilik gerra presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurri eta eskubide urraketak bertan behera utz ditzatela. Fair play apur bat baino ez. Aitzitik, ez genuke ahaztu behar, ziegatik irten berri den Txemak lehengoan Hala Bedi-koei esandakoa, «Estatua, era inteligentean, KO-aren bila doa».

Bilbon izango garen askok eta askok, goian aipatutakoez gain, beste gauza ugari gura genituzke. Hasteko, hainbeste maite ditugun lagunak kalean egotea, gero joango dira etxera, nahi badute. Baina, indarra egiteko ahalik eta jende gehiena sartzeko moduko autoa behar dugunez, autobusaren abiaduran mugitu beharko dugu. Nahiz eta bertsorik onenetan ere ez dugun hitzik Estatuaren mendekua ekiditeko ezintasunak herri honetako ehunka mila herritarri eragiten digun inpotentzia adierazteko. Ibon Iparragirreren egoerak ez dauka azalpen humanista posiblerik; zitalkeria baino ez da, beldurtiaren neurriz kanpoko enpatiarik eza, lege mozorroz horniturik.

Estatu frantziar eta espainiarrarekin «beste harreman mota bat» (bai, jende asko sartzeko beste autobus motel bat) gura dugunok oso gutxitan elkartzen gara eta topagune iraunkor jendetsuena urtarrileko presoen aldeko elkarretaratzea da. Kasualitatez, noski, potentzial horren urteroko zitaren aurreko egunetan hasi da «De Miguel auzia». Soilik Araban, kasualitatez berriz ere, bete dira baldintzak ustelkeriaren katebegi batek katea salatzeko. Eta niri, PP, Katalunia eta CiU datozkit burura, ez dakit zergatik.

Epaileek esango digute, baina badirudi urte askoan agintean egon diren alderdiak, estatuko leku ezberdinetan, modus operandi berarekin, komisioen bidez eta antzeko era antolatuan, egunez ikusi eta gauez eramaten ibili direla. Beldur naiz Arabako auzitegiak «De Miguel auzian» bereizi dituen 12 piezak ez ote diren lurraldeka eta sasoika ezagutzen ari garen puzzle interkonektatu erraldoiaren erpin bat baino.

Espainiak gure iraganaren preso behar gaitu. Bakoitza bere erara.